Aitor Bores eta Manex Zubiaga bakarturik dauzkate

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 17a, 14:54

Uribe Kosta eskualdeko bi preso politiko, Aitor Bores sopeloztarra eta Manex Zubiaga algortarra, hain zuzen ere, bakartuta daudela salatu du gaur Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Etengabe bitakoraren bitartez. Bores Murtziako (Espainia) espetxean daukate, Sopelatik 831 kilometrotara. Zubiaga, berriz, Frantzia aldeko Chateauroux espetxean dago, Getxo udalerritik 746 kilometrotara. Egoera horretan daude gaur egun 39 euskal preso politiko, errepresioaren aurkako erakundeak adierazi duenez. Isolamendua, espetxe arautegietan zigor puntual gisako neurritzat agertzen bada ere, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak ohartarazi du euskal preso politikoei, bakartzea, "behin betiko neurri gisa" ezartzen zaiela. Presoa bere ingurunetik bakartzea espainiar eta frantziar espetxe politikaren "oinarrietako bat" dela gaineratu du AAMk, eta hain zuzen ere isolamenduaren helburua horixe dela adierazi du, hau da, "presoaren harreman, elkartasun eta laguntza mundua behin betirako aldentzea". Argazkian, joan den asteko atxiloketak salatzeko manifestazioa Algortan.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:

Isolamendua edo bakartzea egoera oso zehatzetara zuzendutako neurria bada ere espetxe arautegian (zigor puntual gisako neurritzat hartzen da), euskal preso politikoen kasuan ohiko edota behin-betiko neurri gisa aplikatzen da. Izan ere, euskal preso politikoek ez dute zertan espetxe arautegia puskatu beharrik zigor mota hau jasotzeko. Are gehiago, ohikoa bilakatu da euskal presoak bata besteengandik bakartzea bai espetxe bai modulutan. "Goiko aginduak" izaten dira aipatzen diren aitzakietako bat.

Preso politikoa bere ingurunetik isolatzea beti izan da espainiar eta frantziar espetxe politikaren oinarrietako bat. Zentzu honetan ulertzen ditugu azken urteotan bisita kopuruak murrizteko eman dituzten urratsak, bisitak egiteko ezartzen diren gero eta zailtasun handiagoak, telefono deien murrizketak, gutun kopuruen murrizketak e.a. Zentzu honetan ulertzen dugu sakabanaketa politika bera, preso poltikoa bere sorterritik urrundu eta bere ingurune naturaletik banatzea helburu duena.

Presoaren bakartzea ere logika berean ulertzen dugu. Militante politikoak elkarrengandik bereiztea du helburu bakartze politikak, kolektiboa zatitu eta suntxitzeko helburuan urrats bat gehiago da.

Bakartzea: Deserrotze ahalegina

Euskal preso politikoak ezaugarritzen dituen aspektu garrantzitsu bat dugu hau. Eta neurri honen asmoa nabaria da: presoaren harreman, elkartasun eta laguntza mundua behin betirako aldentzea, bere herriarekin duen atxikimendua ezabatzea edota bere garapen pertsonalean ahalik eta traba gehiago ezartzea. Are gehiago, neurri hauen ondorioz bilatzen dena zera da, euskal preso politikoak kanpoko laguntza edo atxikimendurik ez izatea. Bere burua abandonatua ikustea bere inguru familiar eta sozialaren aldetik. Eta ez hori bakarrik, neurri hauek bilatzen dutena honako hau da ere: presoak bere buruaren autonomia ere galtzea, gogoko dituen barne proiektuak ere gauzatu ahal ez izatea. Urteetako prozesua izan da, baina urtetik urtera areagotzen joan dena. Horretarako, bisita eta posta bidezko harreman oro baldintzatzea eta presoak gogokoak dituen ikasketak oztopatzea edo debekatzea izan da espetxe politikaren ahalegina.

Ia betidanik eskutitzen murrizketa indarrean egon bada ere (2 gutun soilik bidali ahal izatea astean, postaren edo egunkarien entregaren luzapen neurrigabea, euskarazko edozein gutun edo publikazioaren aste edo hilabeteetako atzerapenak...), azken urteotan bisitarako baimenen murrizketak izan dira gehien nabarmendu direnak maila honetan. Hasiera batean mugarik gabeko bisitak baziren ere (senideak, lagunak...), denborarekin lagunen baimen zerrendak gero eta gehiago murrizten joan dira. Hainbeste ze une honetan 10 lagunen zerrendak onartzen dituzten espetxe askotan, urtean bi aldiz berritu daitezkeenak. Gainera, zerrenda honetan sendia ere sartzen hasi dira azken aldi honetan: ilobak, lehengusuak... Jakina, neurri honekin lagunekiko harremana puskatzea bilatzen da eta, aldi berean, familiaren gainean soilik uztea bisiten ardura, horrek suposatzen duen zama pertsonal eta ekonomiko ikaragarriarekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun