Eskolak euskalduntzeko aldarrikapenari ateak itxi dizkio EAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 17a, 16:29

"Iruzurraren legeari ez! Eskolak euskaldundu behar du!" lelopean, dozena pare bat ikasle elkarretaratu dira gaur goizean Areetako Eusko Alkartasunaren egoitza aurrean. Adiskidetasun kaleko alkartetxearen tabernan zeuden bezeroak kaleratu eta egoitza itxiz erantzun diote protestari EAkoek. Hortaz, ikasleek kaletik igaro diren auzokideei esku orriak banatzen eman dute ordu erdia, lau ertzainek zelatatuta. Uribe Kostako Ikasle Abertzaleen kideek Koska irratiari egindako adierazpenetan (mp3) azaldu dutenez, Eskolak Euskaldundu! Herri Ekimenak egindako hausnarketarekin bat egin du IAk eta alde horretatik Eusko Alkartasunak aurkeztutako hezkuntz ereduen politika berriarekin euskararen ezagutza ez dela bermatuko iritzi diote. IAk salatu duenez, EAk berak onartu zuen ereduen "porrota" eta hori konpontzeko legea prestatzean "ekintza praktikorik gabeko asmoetan" gelditu zen. Azken boladan, gainera, EAJ, PSE-EE eta PPk egindako presioarengatik oraindik gehiago okertu da EAren jarrera, ikasleen arabera. Era berean, lege erreforma idaztean "ikasleen hitza" ez dutela kontuan hartu gogoratu dute. Gaur ere, antzeko arazoa izan dute, EAk atea ixteaz gain, zentroetako zuzendaritzek oztopoak jarri baitizkiete geldialdiak egiteko. Aixerrota institutuan, lanuztea debekatu dute, zuzendaritzak eskatutako gehiengo kualifikatua lortu ez zelako ikasleen bozkaketan. Erandion, berriz, azken unean altxatu da debekua, gaur IAko kideek eta zuzendaritzak atzoko bozketen kontaketa berriz egin eta gehiengoa aldekoa zela frogatu ostean. Era berean, Sopelako Ander Deunan eta Leioako Askartzan elkarretaratzeak zeuden deituta. Azken horretan, 20 lagun bildu dira. Iluntzean, berriz, elkarretaratzea egingo dute 19:30ean Algortako Telletxen. Argazki gehiago ikusteko, sakatu hemen.

Eskolak Euskaldundu! Herri Ekimenaren oharra:

Iruzurraren legeari ez! Eskolak euskaldundu behar du!

Euskal Herria euskalduntzeko, derrigorrezko hezkuntza amaitzean ikasle guztiak euskalduntzea ezinbesteko neurria da. Horretaz aspaldi jabetuak gara euskaldunak, horren lekuko Ikastolen sorrera eta garapena edo eskola publikoak euskalduntzeko lana. Dena den, lan hori egin baldin badugu, beste batzuek lehenagotik hezkuntzaren bitartez Euskal Herria erdalduntzen saiatu direlako da, Frantzia eta Espainiako agintariak mendetan hezkuntza erabili dute gure herrian gaztelera eta frantsesa inposatu eta euskara desagerrarazteko.

Begi bistako da euskararen aurkako politika hauek eragin kaltegarriak izan zituztela, zoritxarrez aro modernoan indarrean diren legeak (marko autonomikoak kasu) ere guztiz kaltegarriak izan dira, ondoko datuek adierazten dutenez: hiru ikasletik bakarra euskalduntzen da gaur eskolan eta 400.000 ikasle euskaldundu gabe atera dira ikastetxeetatik azken 25 urteotan. Kasu batzuetan legeak ahalbidetzen du eskubide zapalketa (Nafarroa Hegoaldean eta Ipar Euskal Herrian), EAEren kasuan aldiz, legeak eskubidea jaso arren ez da betetzen.

Azken 26 urteotan EAEn indarrean den legeak dio derrigorrezko hezkuntza amaitzean euskara eta gaztelera modu egokian erabiltzeko gaitasuna izan behar dutela ikasleek. Gaur egun EAEko ikasle guztiak gazteleraz mintzatzeko ahalmena dute, aldiz erdia baino gutxiagok lortzen du maila minimoa euskaraz. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritza 26 urtetan euskaldundua izateko eskubidea urratzen aritu da, beraien legea bete gabe.

Bazirudien, gutxienez EAEn, egoera latz honi buelta emateko aukerak bazeudela, Jaurlaritzako hirukoak ( EAJ, EA, EB) agintaldi honetarako euskalduntzea bermatuko zuen legea onartzea agindu baitzuen hauteskunde programan. Horretarako hezkuntza eta euskalgintzako eragile ia guztien eta sindikatu abertzale guztien babesa zuten. Baina zer egin du Tontxu Camposen sailak? Euskara desagerrarazi nahi dutenen neurriko proposamena, euskalduntzea bermatuko ez duen legea, noski, sindikatu abertzale guztien eta hezkuntza zein euskalgintzako eragileen babesik gabe eta bere hauteslegoari ere iruzur eginez. Lege proiektuaren hutsuneak ikaragarriak dira:

Helburua. Ez da helburu garbirik finkatzen. Europatik minimo gisa proposatzen den B2 maila (EGA baino askoz apalagoa) ere ez.
Eskola orduen %52 soilik izango da euskaraz derrigorrez. B eredu askoren azpitik beraz, jakinik eredu honetan 3 ikasletik bakarra euskalduntzen dela eta soilik ingurune euskaldunetan.
Irakasle euskaldunak izateko neurri zehatzik ez da finkatzen: irakasle eskoletako erdal adarra mantendu; irakasle erdaldunak euskalduntzeko IRALE programa berririk ez; kontratazio berrietarako perfilik ez da zehazten.

Legea aplikatzen hasteko lau urte daude eta soilik 6 urtetik beherakoei eragingo die. Legea derrigorrezko hezkuntza osoan finkatzeko 15 urte beharko dira, ebaluatu eta zuzenketak sartzeko gehiago.

Datu hauek ikusita legea iruzur hutsa dela baiezta liteke, porrotera kondenatua dago eta euskalduntze prozesuari kalte konponezina egingo dio. Gertatzen ari dena oso larria da, horregatik irten gara kalera gaur eta legea gelditu bitartean behin eta berriz egingo dugu. Tontxu Camposi eskari zuzena egin nahi diogu, legearen tramitazio gelditu orain!

Zentzu honetan, erreforma autonomikoak (lurralde batzuetarako direnak) nahikoa ez diren arren ez diegu ezetzik esaten, ganorazkoak badira behintzat. Dena den, gure aburuz, Euskal Herriko ikasle guztiak euskalduntzeko Hezkuntza Sistema Nazionala eraiki behar da ( Euskal Herri osorako, euskaraz arituko dena eta euskal kultura zein identitatetik abiatzen dena) eta kalean euskaraz bizitzeko aukera egon dadin Euskararen Ofizialtasuna bermatu. Bidea egiten ari gara eta egingo dugu!

Eskolak Euskaldundu! Herri Ekimena
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun