Xabi Paya: "1958-2008, Getxo"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 17a, 16:45

Aurreko astean Igor Elortzak "50 urte eta gero hau" artikuluan Bizkaiko lehenengo Bertsolari Txapelketa ekarri zuen gogora. Orijginalegia izan gabe, neronek ere aste honetarako gorde nuen Bizkaiko Txapelketarentzako errepasoa. Zehazki, ordutik larunbat honetako finalera bitarteko garapena aztertu zuen Igorrek; ni, ordea, ordukoaren datu esanguratsuak ematen saiatuko naiz. Bizkaiko lehen Bertsolari Txapelketa "ofiziala" Bilbon izan zen 1958an, bai, baina 29 urte lehenago, Wall Streeten nire urtebetetze eguna ostiral beltz izendatzen zuten urte berean, Mungian lehenengoz Bizkaiko zenbait bertsolari bildu zituen sariketa bat antolatu zuten. Txapelketa ofizialak bezala, lehen edizio hark segida izan zuen hurrengo urtean, non eta Getxon. Egungo konnotaziotik begira, askori sinesgaitza irudituko zaio datua, baina 1905ean Urretxindorrak eta Txirritak herri berean izandako bertso-gudua bezain egiazkoa da. Argazkian, Unai Iturriaga eta Xabi Paya bertsolariak, pentsakor, Itzubaltzeta / Romoko finalaurrekoan.

1958ko abuztuaren 24an zazpi bertsolari eta 13 hanka egon ziren oholtza gainean (hanken txistea ez da nirea, Gabriel Arestirena baizik: Juan Ormaetxea "Taket" larrauritarrak hanka bat egurrezkoa zuen). Bizkaiko Bertsolari Txapelketa egun eskualdeka antolatzen da. Antolaketa horren arabera, zazpi bertsolari horietatik bost Ipar Uribekoak (bat Txorierrikoa, bat Uribe Butroekoa eta hiru Uribe Kosta ingurukoak) ziren. Horrek ez du esan nahi Bizkaian ez zenik beste bertsolaririk izango, baina bi gauza pentsa daitezke: batetik, finaleko bertsolari horiek orduko "elitea" izango ziren, Bizkaiko bertsolari ezagunak, Alfontso Irigoienek deituak; bestetik, jakina da garai hartan Bizkaiko bertsolari askok ez zuela zortzikoaren hoskidetasuna lau oinetan mantentzen, binaka errimatzen baitzuten, eta bertsolari horiei ez omen zieten utzi txapelketan parte hartzen. Dena den, txapelketak beti egin izan dira lehiara aurkeztu diren bertsolariekin, horiekin besterik ez. Eta Ipar Uribetik aurkeztutako horietariko bat getxotarra zen: Asensio Bidaurrazaga.

Gure anaiak aztertu duenez, Bidaurrazaga zarzuelen eta tangoen zalea omen zen. Zaletasuna bertsotara eramaten omen zuen, baina omenak kentzeko grabagailurik ez omen zen izan sasoi haietan. Datuek, ostera, ez dute omenik, ezpada omenaldirik zorretan. Zergatik ez zidan umetan inork kontatu bertsolaritza Getxon gauza normala izan zela? Edo are okerragoa dena, zergatik utzi zidaten pentsatzen Getxon bertsolaritza ez zela normala?

Duela 10 bat urte, Getxoko aldizkari batek izenburu hau jarri zion Algortako Bertsolari Eskolari egindako erreportaje bati: "Basamortuko loreak". Garai hartan, bertsotan jardutean Urkiolan palmondoak landatzen aritzearen sentsazioa izaten nuen askotan, Algortako urkia beisbolak izan behar balu bezala. Ni jaurtitzailea izan nintzen, "pitcher"-a; uste nuen inork ez zuela Getxon ez bertsorik ez pilotarik bota inoiz... eta, hara, DiMaggiok ez zuen partidarik jokatu Getxon ez zelako bertsolaria izan.

Xabi Payak gaurko "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun