Etorkinen Eguna ospatzeko hainbat ekimen antolatu dute Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 17a, 17:13

Getxoko Udalak bat egingo du ostegun honetako (abenduak 18) Etorkinen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Hiru egunez luzatuko dira ekitaldiak. Besteak beste, bihar bertan, “Nola ikusten dugu immigrazioa?” izenburuko azterketaren emaitzak aurkeztuko ditu Xabier Aierdi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren zuzendariak. Saioa 19:30etik aurrera izango da, Algortako Torrene kaleko erakustaretoan. Haurtzaindegi zerbitzua ere egongo da. Ostiralean, hilak 19, A la luz de las Velas kolektiboak munduko ipuinei buruzko saioa eskainiko du haurrentzat, Algortako kultur aretoan, Villamonten, 19:00etan hasita. Eta azkenik, larunbaterako, hilaren 20rako, ekimen berritzailea antolatu dute, Torrenen ere izango dena. "Bizipenak" izenburupean, kafe tertulia egingo dute, "parte hartzaileen esperientzien bitartez bizitzen ari garen errealitatera hurbiltzeko" asmoz, azaldu dutenez. Horretarako, aurretik izena eman beharko da 944 660 130 telefono zenbakira deituz. Bestalde, abenduaren 21era arte, erakusketa gela horretan bertan egongo da ikusgai Giza Art erakusketa. Horretaz gain, xenofobiaren eta intolerantziaren kontrako txartelen lehiaketa antolatu dute. Argazkian, emakume etorkin bat Algortako San Nikolas plazara bidean.

Ekitaldien helburuen artean daude “bake kultura, tolerantzia eta kultur arteko bizikidetza sustatzea, migrazio-fenomenoen ikuspegi positiboa bultzatuz", Imanol Landa alkateak adierazi duenez. Bestalde, "kulturen arteko komunikazioa eta topaketa erraztea eta mundu osoan eta bereziki gure udalerrian etorkinek aurrerapen ekonomikoan, sozialean eta kulturalean egiten dituzten emakidak aitortzea", du helburu egitasmoak, "batez ere zailtasun ekonomikoak ditugun une honetara”. Getxoko Udalak jardunaldiak antolatzen dituen hirugarren urtea izango da, udal agintariaren arabera, “gaur egun Getxo kultur aniztasun oparoaren adibidea baita, pertsona ugari, tartean langile etorkinak, errefuxiatuak, asilo eske etorri direnak eta beren familiak gure udalerrira etortzen baitira”. Landak gaineratu duenez, “errealitate horretaz jabetuta, Getxoko Udala zerbitzu eta programa batzuen bidez udalerriaren kohesio soziala lortzeko lan egiten ari da”.

Boliviarrak nagusi

Udal arduradunek emandako datuen arabera, Getxo udalerriak 82.411 biztanle du eta, horietatik, 5.048 (%6,1) espainiar Estatutik kanpokoak dira. Horien artean, emakumeen presentzia gizonezkoena baina handiagoa da, %59koa eta horien guztien %52a 25 eta 44 urte artekoak dira. Une honetan Espainiatik kanpoko 81 nazionalitate desberdin daude eta lagun horien %78k Europatik kanpoko jatorria dute. Bestalde, %66 Hegoamerikakoa da, eta emakumezkoen kasuan %72. Boliviako jatorria da oraindik ugariena, %30,5ekoa alegia.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun