Ekainaren 1eko uriolek gehien kaltetutako Getxo udalerriko guneetan, hau da, Neguri Langilen eta Salsidu inguruan hartuko ditu lehendabiziko presazko neurriak Uraren Euskal Agentziak. Horrela iragarri dute, gaur goizean, Esther Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak eta Imanol Landa alkateak. Aipatu eremuetan, uholde-lautadaren sakonera metro batean handiagotuko dute, Gobela errekaren ibilgua zabalago eginez. Horretaz gain, Leioako Etorbideko, Jolasetako eta Salsiduko zubiak ordezkatuko dituzte. Ekintza horiek Eusko Jaurlaritzak egindako planaren zati bat dira. Neurriak eta plana bera atzo aurkeztu zizkieten udal talde politikoei eta auzokideen ordezkariei, arratsaldean bildutako Uholdeetako Batzorde Berezian. Guzti horiek “positibotzat" jo zuten "emandako urratsa”, Landaren arabera. Hala ere, neurri horiek bakarrik, arazoa ez dutela konponduko aitortu du aitortu du alkateak, "baina bai arindu". Lanon kostua 3 milioi eurokoa izango da (lursailen okupazioaz gain) eta 2009ko udan hasiko dira, 2010ean amaitzeko. Bi ekintzok Udalbatzaren onarpena behar dute eta, horregatik, tokiko agintariak “erantzukizunez jokatzeko" eskatu die gainontzeko udal taldeei, "auzokideen eskaerei erantzuna emateko asmoz, denon arteko adostasuna lehenbailehen lortzeko”. Argazkian, azaroaren 3an, Algortako Zubilleta auzoko bizilagunek helarazitako irudia.