Getxo Antzokia botatzeko lanak gelditzeko agindu du epaileak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 17a, 19:01

Bilboko Administrazioarekiko auzi-epaitegiko 2. aretoak Getxo Antzokiaren eraiste lanak "behin-behinekoz" bertan behera uzteko agindu dio gaur Udalari. Astelehenean, eraikina botatzen hasi ziren egun berean aurkeztu zuen auzi eskaera Getxoko PSE-EEk. Luis Almansa tokiko konstituzionalisten bozeramailearen arabera, "hirigintza araudia urratuz" hasi zen Getxo Antzokia eraisten Imanol Landa alkatea. "Eraikin bat bota eta bere lekuan berria jartzeko Udalbatzak onartutako xehetasun azterketa beharrezkoa da", bere hitzetan. Hala ere, epailearen erabakia berandu datorrela aitortu du Almansak, "eraikina erabat eraitsita dagoelako jada". Dena den, "pozik" agertu da Getxoko PSE-EEren burua, bere ustez, ebazpena "makilkadaz" gain, "alkatearentzako abisua" suposatzen duelako, etorriko direnen hirigintza egitasmoen aurrean. Besteak beste, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan egun gura duten kultur etxe berria, etorkizuneko Bizkaytik zentro teknologikoa Areetako Bake Eder jauregian, Begoña gazteluko galerietako hotela eta Algortako Ereaga hondartzako La Terraza jatetxea aipatu ditu Almansak. Azken horren eraispena ere errekurrituta daukate tokiko konstituzionalistek. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Joseba Arregi Hirigintza zinegotzia, Imanol Landa alkatea eta Koldo Iturbe Kultura zinegotzia, astelehen goizean, Getxo Antzokia botatzen ari zirela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun