Abenduaren batean hil zen Mikel Laboa musikari donostiarra oroitu eta omenduko dute gaur hainbat musikarik Algortan. Gaueko 21:00etan jarri dute hitzordua Mariandresena kaleko UK tabernan. Bertan, "Agur, Mikel (edo gero arte)" ekimenaren barruan, zuzeneko musika ekitaldiaren bidez oroituko dute musikari donostiarra zena. UKko tabernariek adierazi dutenez, hainbat musikarik parte hartuko du, tartean Moby Dick bakarlari ezagunak. 74 urte zituen Mikel Laboa hil zenean. Azken asteetan makal ibili ondoren, Gipuzkoako Poliklinikan ingresatu zuten eta bertan hil zen, Marisol Bastida emaztea eta seme-alabak alboan zituela. XX. mendeko kantari esanguratsuenetarikoa izan da Laboa. 1960ko hamarkadan bere ibilbide musikala hasi zuenetik esperimentazioa eta euskal kanta maisutasunez uztartu zituen. Argazkian, Mikel Laboa 2007ko irailean / Wikipedia.
Ez Dok Amairu-ren sortzaile eta kide ezagunenetakoa, belaunaldiz belaunaldi iraun du Laboaren arrakastak, eta bere garaikideena ez ezik, gazteen miresmena jaso du behin baino gehiagotan. Joxean Artzeren letraren gainean ondu zuen "Txoria txori", esaterako, euskal kantarik ezagunenetakoa bihurtu da. Artzerenak bezala, hainbat euskal poetaren letrak musikatu zituen. Euskal kantagintza tradizionala jorratu zuen, alde batetik, besteak beste, aintzinako doinu eta abestiak berreskuratuz. Bestetik, bide erabat esperimental eta berritzaileetan aritu zen, "Lekeitioak" horren adibide. Medikuntza ikasi zuen eta haurrentzako psikiatra izan zen ogibidez. Abenduaren 23an Gipuzkoako Foru Aldundiak urrezko domina eman behar zion bere ibilbideagatik, Markel Olano ahaldun nagusiak azaroaren 11n iragarri zuenez.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.