EAJ ez dago inola ere ados kolektibo horrek Euskadi izenari egiten dion minusbalorazioarekin. Asmo txar hori gure herriaren sistema instituzionala eta euskal kirola desegonkortu nahi duten zenbait erakunde politikoren manipulazioarekin eta ezjakintasun historikoarekin baino ez daiteke azaldu, eta azken urteetan Euskadiko selekzioak jokatutako futbol partidek eragindako zaletuen eta, batez ere, gazteen mobilizazioaz baliatu dira horretarako.
Euskadiren izenarekin mundu osoan zehar jokatu zuten, eta baldintza okerragoetan, gerra garaian eta gerra ostean euskal selekzioko lehen jokalari haiek. Harro eraman zuten izen hura, eta guztiek zekiten zer ari ziren defendatzen kamiseta haiek soinean eramanda; halaxe ulertzen dugu egin dutela Euskadiko kamisetan eraman duten zazpi lurraldeetako jokalari guztiek.
Aitzindari haien omenez eta Eusko Legebiltzarrak gehiengoz onartu zuen Kirolaren Euskal Legeari zor zaion errespetuz (garai hartako Euskal Herritarrok alderdiko legebiltzarkideek ere onartu zuten), jokalariei eskatzen diegu berriro pentsatzeko hartu duten jarrera, bai eta bere burua abertzaletzat duen muturreko ezkerrak ipinitako tranpan ez erotzeko ere. Hala, eskatzen diegu esan dezatela beren erabakiaren atzean nor dagoen.
Izena axola zaigu, historia axola zaigu, eta, batez ere, demokrazia eta pertsonen askatasuna axola zaizkigu. Itxura guztien arabera, ordea, haietako bat bera ere ez zaie axola euskal gizartearen gehiengoaren ilusioak zapuztu dituztenei. Ea guztia koiunturala den eta dena argitara irteten den!
Euzko Alderdi Jeltzalea