Larunbat honetan, abenduak 20, azokatxua egingo dute Sopelan, udalerriko kolektiboen koordinadorak antolatuta, goizeko 11etatik aurrera. Batetik, liburuek eta literaturak hartuko dute udaletxeko plaza, Plaza Beltza kultur elkartearen eskutik. Izan ere, talde horrek Bigarren eskuko Liburu Azokatxua antolatu du toki horretan, irakurzaletasuna herrian eta eskualdean zabaltzeko eta herri liburutegia eta komunikazio-topagunea sortzeko. Asmo horrekin orain bi urteko Gabonetan lehenengo "azokatxua" antolatu zuten, "arrakasta handiz" gainera, ehunaka pertsona bertatik igaro eta dozenaka eta dozenaka liburu erosi baitzituzten. Hain zuzen ere, hori izan zen Plaza Beltzak egindako lehenengo ekitaldia. Urtean hiruzpalau alditan egiten dute. Etzi, truke azoka ere egingo dute, Sopelako Gazte Asanbladaren ekimenez. Hartara, etxean sobera dituzten gauza interesgarriak eramateko deia egin diete herritarrei. Azkenik, hainbat kolektiboren materiala egongo da salgai. Izan ere, Plaza Beltzak eta Sopelako Gazte Asanbladak ez ezik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta Ikasle Abertzaleek ere osatzen dute Sopelako Kolektiboen Koordinadora. Etzikoa da erakunde horren lehenengo ekitaldia. Argazkian, orain bi urteko azokatxua.