Abenduaren 28an torturaren aurkako manifestazioa izango da Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 18a, 20:54

Ibai Egurrola, Amets Ladislao, Xabier Gutierrez, Marimertxe Alcocer eta Maribel Prietoren senide eta lagunak ondoan zituela eman du gaur prentsaurrekoa, Bilbon, Haizea Ziluaga abokatuak. Joan den astean atxilotu zituen bostak Irunen, Itzubaltzeta / Romon eta Berangon Guardia Zibilak. Letraduaren arabera, oraindik inkomunikatuta zeudela atxilotuak bisitatu zituen konfiantzazko medikuak ez ezik, Espainiako Auzitegi Nazionaleko medikuak ere jaso zuen, bere txostenean, bost lagunak "torturatuak izan zirela eta eurekin basatiki jokatu zutela". Ziluagak azaldu duenez, egindako deklarazioak "tortura fisiko eta psikologikoen bidez atera" zizkietela salatu dute atxilotuek. Besteak beste, sexu irainak, bortxaketa mehatxuak, bainera eta poltsa bezalako tormentuak aipatu dituzte. Bitartean, Oier Bidaurrazagak "tortura errotik kentzeko konpromiso handiagoak" har ditzatela eskatu die eragile politiko eta sozialei, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren izenean. Besteak beste, abenduaren 28an, igandearekin, tortura salatzeko manifestazioa izango da Algortan. Argazkian, 450 lagun inguruk egin zuten manifestazioa hilaren 9an Algortan.

Haizea Ziluaga abokatuak gogoratu duenez, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala onartu zenetik 60 urte igaro diren arren, Espainiar Estatuan "torturatzen jarraitzen dute eta giza eskubideak urratzen dira". Horren adibide bezala jarri du, urte honetan, kuartel eta polizia egoitzetan "60 euskal herritar torturatuak" izan direla eta atxilotutako lagunen kopurua "zenbatezina" dela. Egun, 766 euskal preso politiko dago Frantzia eta Espainiako espetxeetan. Abokatuaren ustez, horrek adierazten du, "Euskal Herriak, oinarrizko eskubideak sistematikoki urratuak diren salbuespen egoera sufritzen" ari dela. Hori dela eta, "behar-beharrezkotzat" jo du tortura errotik kentzea. Horretarako, "tortura baimentzen duten salbuespen legedi eta audientziekin" amaitzearen alde agertu da; baita "torturen erantzule diren funtzionarioen zigorgabetasunarekin" amaitzeko ere. Ohartarazi duenez, aste honetan Donostia eta Pasaian atxilotutako lau lagunak -horietako bat aske utzi dute- "Guardia Zibilak torturatuak izateko arriskuan" daude.

Iruzurrezko protokoloa

Oier Bidaurrazagak, berriz, "iruzurtzat" jo du, torturak saihesteko diseinatutako protokoloa. Adierazi duenez, "tortura guztiak grabatuko balira, egundoko eskandalu baten aurrean egongo ginateke. Espainiar Estatuak Euskal Herrian aplikatzen duen salbuespen egoera agerian utziko luke horrek". Bestalde, instituzio eta hedabideen jarrera gaitzetsi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideak. Bere hitzetan, horiek guztiak "itsu, mutu eta gor" azaltzen dira tortura salaketen aurrean. Rubalcabak hedabideei eskatutako "konplizitatean" kokatu du aipatu jarrera. Azkenik, tratu txarren aurrean, EAJk eta Lakuako Gobernuak mantentzen duten "isiltasuna" eta "erreakzio eza" kritikatu du Bidaurrazagak. Bere ustez, "tortura baimendu egiten dute" horrela jokatuta. Ertzaintzari buruz, horrelako polizia operazioetan "zuzenean laguntzen" duela gaitzetsi du.

Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gaurko prentsaurrekoaren hainbat bideo jarri ditu ikusgai Etengabe bitakoran.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun