Del Olmo epaileak "Izu Giroa" desagertzeko bidean jarri zuen
Kaleratu dituzten 10 zenbakien atzetik makina bat pasadizo dute kontatzeko “Izu Giroa”ko egileek, baina euskalgintza inguruko beste erakunde askotan bezala, 2003ko otsailaren 20a, “Euskaldunon Egunkaria” itxi zuten eguna, alegia, egun beltza da haientzat. Hemen duzue “Izu Giroa”k Del Olmo epaileak agindutako operazioaren harira kaleratutako oharra:
Otsailaren 20an, Guardia Zibilak “Egunkaria” itxi zuenean eta “Jakin” eta “Argia”ko egoitzak miatu zituenean, beste “kalte kolateral bat ere eragin zuen Poliziaren operazioak, askoz garrantzi txikiagokoa besteekin alderatuta, baina guri zuzen-zunenean eragin diguna: 'Izu Giroa', euskaraz argitaratzen den punk eta hardcore fanzinea, desagertzeko bidean jarri zuten.
Zuetako batzuek jakingo duzuenez, fanzinearen editoreetako bat “Egunkaria”ren langilea ere bada, eta joan den ostegunean Guardia Zibilak “Egunkaria”ren Bilboko egoitza itxi eta prezintatu zuenean, fanzinea atera ahal izateko ezinbestekoak ziren hainbat kontu barruan geratu ziren: hala nola, fanzinearen hirugarren zenbakiaren ale ugari, lehenengo, bigarren eta hirugarren zenbakietako originalak (horrek esan nahi du ezin dugula kopia gehiago egin: zenbaki horiek eskuratu badituzue, Euskal Herriko fanzinegintzaren historiaren harribitxi batzuen jabe bilakatu zarete dagoeneko; sikiera ale gehiago gorde izan bagenitu!) eta, batez ere, prestatzen ari ginen laugarren zenbakia egiteko material ugari: hainbat talderi egindako elkarrizketen grabazioak, argazkiak (horietako batzuk zaharrak, originalak eta balio historiko argia zutenak) eta beste. Elkarrizketa pare bat baino ez da geratu Del Olmoren atzaparretatik libre.
Gainerakoa barruan egongo da edo, kasurik okerrenean, Espainiako Barne Ministerioaren sotoren batean. Eta orain, zer? Bada, ez dakigu. Jukutria honen kontrako erantzunik onena fanzinea berriro kaleratzen saiatzea dela badakigu, baina une honetan ez gara hori egiteko gauza sentitzen. Berriro zerotik hastea nekoso samarra da, eta gutako batzuk datozen hiletan lanez gainezka ibiliko direla aurreikus dezakegu, beti ere Del Olmo eta bere laguntxoen graziari esker. Erreta samar gaudela, alegia. Orain arte fanzinea kaleratzen lagundu diguten kolaboratzaile guztiekin hitz egin beharko dugu, proiektua berriro altxatzea merezi duen ala ez aztertzeko. Geroak esango. Bitartean, “Izu Giroa”ren partetik bihoakie “Egunkaria”ri eta, batez ere, fanzinearen berri emateko hainbestetan lagundu diguten “Barkatu Ama!”ko lagunei gure elkartasunik erabatekoena, eta euskaldunon bihotzetan benetako izu giroa zabaltzen dutenei gure mesprezurik gorriena.