Mario Lerena pianojole getxoztarrak bihar joko du Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 18a, 22:55

Mario Lerena piano jole getxoztarra eta Naroa Intxausti soprano bilbotarra protagonistak izango dira bihar, ostirala, BilbaoMusikako Gazte Interpreteen Kontzertu Zikloan. Lehiaketa horrek musikari gazteen karrera musikala bultzatzea du helburu, adin gaztea izanik ere, euren balio interpretatiboa erakutsi dutelako. Kontzertua, doakoa, La Galera eraikinean izango da, Sorkunde kaleko 8. zenbakian, arratsaldeko 19:00etan. Mario Lerena (1981) gaztea, Luminita Duca, Gayane Sharluyan eta Humberto Quagliata piano joleen ikaslea izan da. Bilboko Piano eta Musika Kamarako Kontserbatorioan osatu zituen bera goi ikasketak, non emaitza hoberenak lortu zituen. Ondoren Alcala de Henaresko Unibertsitatean lortu zuen graduondokoa, bertan Josep Colom edo Miguel Zanetti bezalako maisuen ikastaroak jaso zituelarik. Lerenak Pariseko Union Française des Artistes Musiciens (UFAM)eko Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuen eta bigarren saria Sahun-eko Nazioarteko Lehiaketan. Bakarlari bezala, Euskadi, Leon, Logroño eta Helsinkiko hainbat eszenatokitan eta jaialdietan aritu izan da. Historia eta Musika Zientzietan lizentziatu ondoren, Euskal Herriko Unibertsitatean ari da doktoregoa egiten. Bilboko Zabalkundeko Abesbatzarekin maisu lanetan ari da gaur egun eta EHUko abesbatzarekin eta Bilboko Katedraleko Kaperako Musika Abesbatzarekin kolaborazio lanak egiten ditu. Argazkian, Naroa Intxausti sopranoa.

Bestalde, Naroa Intxausti Bilbon 1981ean jaiotako sopranoa, nazioarteko hainbat lehiaketa irabazitakoa da eta gaztea izan arren, 2000an Mozarten "Misa de coronacion" obra interpretatu zuenetik, operako hainbat muntaietan parte hartu du. Bere curriculum zabalean maisu handi eta orkestrekin batera aritu da zenbait interpretazioetan, hala nola, Beethovenen "Fidelio"-n, Belliniren "Norma"-n, Rossiniren "Errauskine"-n, Sorozabalen "La tabernera del puerto"-n edo Fallaren "El retablo de maese Pedro"-n besteak beste. Oraintsu arte, Berlingo Kammeroper Schloss Rheinsberg-ekin, Donizettiren "El elixir de amor" obraren eszenaratzean egon da buru belarri eta Bartzelonako Lizeoko Antzoki Handian, Mozarten de "Las bodas de Figaro" obrarekin.

Naroa Intxaustirekin batera emango duen kontzertuan nazioarteko maisu handien obra batzuk interpretatuko dituzte hala nola, Franz Schubert, Carl Maria Von Weber, Claude Debussy, Georges Bizet, espainiar zartzuelako beste zenbaitzuren artean (Fernando Obradors eta Manuel Fernandez Caballero). Euskal maisu handienak ere entzugai izango dira, Pablo Sorozabal donostiarreren lanak eta Jesus Guridi gasteiztarrarenak.

Bilbaomusika , Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren menpeko organismo autonomoa da, eta Udal Banda, Udal Txistularien Banda eta Ikasfolken kudeaketaren arduraduna. Era berean, musika kultura sustatu eta zabaltzeko ardura dauka, baita hirian bertan egiten diren ekintzena ere. Informazio gehiago www.bilbaomusika.net webgunean topa daiteke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun