Fredi Paya: "Bertso Exam Center"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 19a, 13:28

Txapelketako finalean oholtzara irteteko momentuak beti gogoratu dit itsasoa. Milaka burutxoak eta euren txaloak ekaitz egunetako olatuak dira. Ederrak, baina zure tamaina ñimiñoa gogoratzen dizutenak. Milaka bertsoen kresala daramagu zainetan, baina ez dago ur handitan sartzerakoan Segundo bateko hotzikara sentitzen ez duen marinelik. Buruaren abiadura biderkatzen duen adrenalina igoerak, zertara etorri garen gomutatzen digu. Badago txapelketa garaian behin eta berriz etortzen zaidan amesgaizto bat. Ofiziotan nabil bere aurpegia ikusterik lortzen ez dudan bertsolari batekin. Bertso itzelak kantatzen ditu, niri ere hala iruditzen zaizkit, eta areto erraldoia goraino betetzen duen jendetzak txalo zaparrada izugarria bueltatzen dio trukean. Nire txanda heldu, eta nire ahotik ezin soinurik atera. Ezpainak mugitzen ditut, baina ez da ezer ere entzuten. Eta egoera iratzartu artean luzatzen da. Jendearen zurrumurrua handituz doa, eta neuk ezin txintik esan. Agonikoa. Argazkia: Koska irratia.

Orain 50 urte Bizkaiko lehenengo Bertsolari Txapelketa ezaguna ospatu zuten. Bertan Asensio Bidaurrazagak egin zuen laugarren. Gure herriko Errotatxu baserriko semeak. Espainiako txapelduna pistako txirrindularitzan. Getxoko Udaleko Francoren demokrazia sasoiko artxiboetan, "Asensio Vidaurrazaga: rojo separatista, buen versolari". Bertsoak zarzuela eta flamenko doinuekin kantatzea gustuko zuen.

Bart, nire amesgaiztoko bertsolari ofiziokideak buelta eman zuen. Asensio zen, bere aurpegi gorri eta txapela jantzita. Bertsoa hastera nindoala egoteko agindu zidan, eskuaren keinu batekin. Belarrira hurbildu eta xuxurlatu zidan: "Fredi, isiotu mikroa".

Fredi Payak gaurko "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun