Euskal Herriak Bere Eskolaren oharra:
Bi hilabete pasa dira Campusak larru gorritan! dinamikari UPNAko Iruñeako campusean hasiera eman genionetik. UPNAn hasiera izan zuen ekimenak Euskal Herriko campus ezberdinak astindu eta egungo unibertsitateek dituzten egiturazko mugak zein hauetan ematen diren eskubide urraketak agerian utzi ditu. Bi hilabete hauetan campusak larru gorritan utzi ditugu!
Dinamika ezberdinen bidez campusetako puntu beltzak markatu ditugu:
- Hizkuntza eskubideen urratzaile diren campusetako leku zein erantzuleak markatu eta interpelatu ditugu administrazioko zerbitzu erdaldunen, erdara hutsezko iragarkien, zein hizkuntza eskubideen urraketen erantzule direnen aurrean ekimenak eginez. Eskubide demokratikoen urraketak ematen diren campusetako guneak markatu eta urraketa horien erantzuleak interpelatu ditugu segurtasun indarren, kontrol sozialerako kameren, erabaki organo antidemokratikoen eta abarren aurrean ekimenak eginez.
- Unibertsitatea Estatuen zein interes ekonomiko neoliberalen mesedetan jartzearen ardura duten enpresa zein unibertsitateko guneak ere salatu ditugu; unibertsitatean egoitza duten enpresa, aurrezki kutxa zein bankuen, unibertsitateko arduradunen eta abarren aurrean ekimenak eginez.
Hamaika ekimen campus ezberdinetan erreproduzitzen den unibertsitate eredu bera larru gorritan uzteko. Dinamika honen bidez, argi geratu da gestio modu batek edo beste batek baino, unibertsitate ereduak berak sortzen dituela eskubide urraketa guzti horiek. Unibertsitate eredua bera da euskaraz ikasi, lan egin eta bizitzeko eskubidea bermatzeko oztopo. Unibertsitate eredu zaharkitua hau berez da antidemokratikoa; bere egitura osoa baita unibertsitateko kideon parte hartzea eta unibertsitatearen herritartasuna oztopatzen duena. Eta unibertsitate eredu hau, bere egitura bera, askatu ezineko morrontzak ditu Estatu zein interes ekonomiko neoliberalekin.
Hortaz, lasai asko esan dezakegu, egungo unibertsitateek egiturazko mugak eta baldintzapenak dituela Euskal Herriaren behar zein garapenaren mesedetara egongo den eredu euskaldun, demokratiko eta herritar bat eraikitzeko. Hots, egungo unibertsitate eredua agortua dago eta Euskal Herriak, euskal herritarrok, bestelako unibertsitate eredu baten premia dugu.
Unibertsitate euskaldun bat behar dugu; zeinetan euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuz euskaraz lan egin, ikasi eta bizitzea posible izango den.
Unibertsitate demokratiko, herritar eta parte hartzaile bat behar dugu; zeinetan komunitate unibertsitario osoaren hitza errespetatuz eta parte hartzea bideratuz herri proiektu bat garatuko den.
Euskal Herriaren biziraupena eta garapena bultzatuko duen, eta euskal herritarron beharren mesedetara egongo den unibertsitate bat behar dugu.
Finean, ezaugarri guzti hauek barne bilduko dituen bestelako Unibertsitate bat behar dugu, hots, Euskal Unibertsitatea behar dugu.
Egungo unibertsitate ereduaren mugez kontziente izanik eta Euskal Herriak Euskal Unibertsitatea premiazkoa duela kontuan harturik, haren aldeko lanera biltzeko dei egin nahi die Euskal Herriak Bere Eskolak komunitate unibertsitarioko kideei zein herritarrei.
Agortutako unibertsitate ereduen gainetik, Euskal Herriak Euskal Unibertsitatea!
Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE)