Bilboko Euskalduna jauregian abestuko du bihar Leioa Kantika Koralak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 19a, 14:15

Leioa Kantika Koralak Bilboko Euskalduna Jauregian eskainiko du Gabon kontzertua larunbat honetan, abenduak 20. Neska-mutilak Bilboko Txistulari Udal Bandarekin batera arituko dira jauregiko A1 aretoan, arratsaldeko 8etatik aurrera. Kontzertua doakoa da, baina jesarlekuak mugatuta egongo dira. Biharko egitarauan, euskal abestien artean, "Gabon gabean", "Gabonetako afari on bat'" edo "Goazen goazen guztiok" bezalako abestiak kantatuko dituzte. Udal Txistularien Bandak eta Kantikako neska mutil gazteek Andaluziako gabon kantak ere abestuko dituzte, baita nazioarte mailan ezagunak diren batzuk ere. Adibidez, Irving Berlinen "White Christmas". Txistularien taldea zein Kantikak Garikoitz Mendizabal eta Basilio Astulezen zuzendaritzapean izango dira, eta Mariano Santamaria izango dute lagun piano jotzen.

Kantika Korala 2001ean jaio zen Leioako Udal Musika Eskolan, Basilio Astulezen eskutik. Taldea 10 eta 17 urte bitarteko gazteez osatuta dago, eta denbora gutxian, jorratzen duten generoan erreferente garrantzitsua bihurtu da. Hainbat disko grabatu dituzte eta kontzertu zein emanaldi desberdinetan parte hartu dute, Euskal Herriaz gain, Espainia, Portugal, Frantzia, Islandia, Mexico edota Italia bezalako herrialdeetan. Ahalegin horrek hainbat sari eman dizkio taldeari, adibidez Torreviejan lortutakoa, Italiako Gorizziakoa, edota Tolosatik ekarritakoa, besteak beste.

Honetaz gain, taldearen kalitateak eta antzezpen orijinalak kontzertu bakoitza ikuskizun berezi bat bihurtzen du. Kantikak koral generoa aberastea eta berreskuratzea du helburu, horretarako pieza ezberdinak estreinatzen dituzte maiz. Horien artean, Eva Ugalderen 'Iratxoa', edo Albert Alcarazen 'Laminak', bereziki koral honetarako konposatutakoak. John Rutteren "Mass of the Children" estreinaldian ere parte hartu zuen Kantikak eta Karl Jenkinsen "Requiem" lanean ere bai.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun