Algortako Itxartu eta Areetako Abeslari Lagunen Abesbatza-Zozoak taldeek Gabon kantuen emanaldia eskainiko dute larunbat honetan, abenduak 20, Algortako San Nikolas elizan, 20:00etatik aurrera. Talde biek Gabonen ohiko abesti sorta eskainiko dute eta emanaldirako sarrera dohainik izango da. Itxartu abesbatzari dagokionez, 1986an sortu zen Jose Luis Lejarza jaunaren zuzendaritzapean, euskal musika tradizioari eta polifoniari eusteko, musikazale batzuk elkartu zirenean. Gaur egun 35 ahots mistok osatuta dago eta zuzendaria Jesus Andruejo da. Zozoak, berriz, 1999an sortu zen eta honako hau du helburu nagusia: musika korala irakastea eta hedatzea. Gaur egun, 45 mistok osatzen dute taldea eta Bizkaiko Abesbatzen Elkarteko (BAE) kidea da, Itxartu bezala. Taldeak errepertorio anitza lantzen du, hala nola, euskal musika, konposizio klasikoak eta egungoak, herri-abestiak eta eliz musika. 2003ko otsailetik aurrera abesbatzaren zuzendaria Irma Rutkauskaite da, Kaunaseko (Lituania) Unibertsitatean musika koralean eta zuzendaritzan lizentziatua. Irakaslea ere bada. Argazkian, Zozoak abesbatza.