Biharko finalean honako lanak egin beharko dituzte bertsolariek: Binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko handian; binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda hiruna bertso hamarreko txikian; bakarka, hasierako puntua emanda bina bertso zortziko txikian; eta azkenik, bakarka, gaia emanda bina bertso doinu eta neurri librean. Lehen atal horretan puntu gehien lortzen duten biak -Xabi eta Fredi Paya, agian- pasatuko dira bigarren atalera. Eta, orduan, binaka, gaia emanda hiruna bertso zortziko txikian; eta binaka, ofiziotan hiruna bertso sei puntuko motzean, abestu beharko dituzte bi finalistek. Amaitzeko, kartzelako lanean, bakarka, gaia emanda hiruna bertso doinu eta neurri librean kantatu beharko ditu batak zein besteak. Saio guztiko puntuak, hau da, atal bietakoak, metatuko dira txapelduna nor den erabakitzeko.
Hona hemen bihar BECen lehiatuko diren bertsolarien fitxa:
Xabi Paya
1982an jaiotako algortarra. Interpretaritza eta itzulpengintza eta piano ikasketak ditu eginak. Itzultzaile, bikoizlari, ikerlari eta irakasle lanetan ibilia da. Fredi anaiarekin eman zuen izena Algortako Bertsolari Eskolan (ALBE), eta eskolartean zein txapelketetan emaitza bikainak lortu izan ditu. 2006ko Bizkaiko txapelduna da, 2005eko Txapelketa Nagusian finalaurrekoetara heldu, 2004ean Bizkaiko Txapelketan finalista izan zen, urte berean Abra Saria ere jaso zuen eta abar luze bat. Bertsozale elkartean eta bestelako saltsa askotan dabil.
Fredi Paya
1981an jaiotako algortarra. Euskal Herriko txapelketako finalerdietan kantatu du azken bi edizioetan eta Bizkaiko finalista izan da azken lauetan. "Berria" egunkariko zutabegilea da eta azken urteak Uribe Kostako herri ondarea batzen eman ditu Labayru ikastegian.
Igor Elortza
1975an jaio zen Durangon. Topografia Ingeniaritza ikasi zuen eta kantagintza, iritzi artikulugintza zein gazteentzako literaturgintzan jardundakoa da. Gaur egun Anboto astekarian dabil euskara zuzentzaile moduan. Bizkaiko txapelduna izan da lau bider eta birritan abestu du Txapelketa Nagusiko finalean. "Gu ta Gutarrak" proiektuarekin bide pertsonalagoa landu ostean, bueltan dator txapelketetara eta plazaz plazako bertsogintzara.
Etxahun Lekue
Larrabetzuarra. 1980an jaio zen. Musika Hezkuntza ikasi zuen eta hezkuntza arautuan dabil bertsolaritza irakasle moduan. 2005eko Txapelketa Nagusian finalaurrekoetan kantatu zuen. Bizkaiko Txapelketako azken hiru edizioetako finalista da eta 2006ko txapeldunordea.
Unai Iturriaga
1974ko ekainaren 28an Durangora sortua. 31 urte ditu durangarrak. Bertso jardunaz aparte, gidoigintzan ere egiten du lan. 1990tik aurrerako Bizkaiko Txapelketako final guztietan abestu du, 2006koan izan ezik, azken Bizkaiko Txapelketan ez zuen eta parte hartu. Birritan izan da Bizkaiko Txapelduna eta lautan Txapelketa Nagusiko finalista. Gainera, 2005ko Euskal Herriko txapeldunordea da. "Gu ta Gutarrak" proiektuarekin bide pertsonalagoa landu ostean, bueltan dator txapelketetara eta plazaz plazako bertsogintzara.
Arkaitz Estiballes
1977an jaio zen Galdakaon eta Bilbon bizi da gaur egun. Hezkuntza arautuan dabil bertsolaritza irakasle moduan. 2005eko Txapelketa Nagusian finalaurrekoetan kantatu zuen eta 2000, 2004 eta 2006ko Bizkaiko txapelketako finalista izan da. 2004an, gainera, hirugarren egin zuen.
Iratxe Ibarra
1974ko abenduan jaio zen Markinan. Euskal filologiako ikasketak ditu eta hiru bider hartu du parte Txapelketa Nagusian. Bizkaiko Txapelketako azkenengo sei finaletan kantatu du.
Onintza Enbeita
Muxikarra. 1979an jaio zen. Kazetaria ikasketaz eta lanbidez. 2005ko Txapelketa Nagusian abestu zuen. 2006ko Busturialdeko txapelduna eta urte bereko Bizkaiko Txapelketako finalista ere bada.