Getxo Antzokia botatzeko lanak geldiarazteko eskaera kendu du PSE-EEk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 19a, 20:18

PSE-EEk aurkeztutako auzi eskaera aintzat hartuta, Getxo Antzokia botatzeko lanak gelditzea agindu zuen, asteazkenean, Bilboko Administrazioarekiko auzi-epaitegiko 2. aretoak. Bada, gaur, eraiste lanak geldirik jarraitu behar zuten ala ez erabakitzeko bista egin behar zela, aipatu auzi eskaera kentzea erabaki du alderdi sozialistak, "eraikina erabat eraitsita egonda, horrek zentzurik ez zeukalakoan", udal iturriek zabaldu dutenez. Imanol Landa alkateak jokaera hori "oso larritzat jo" du, suposatzen duen "arduragabekeriagatik". Tokiko agintariaren hitzetan, Getxo Antzokia noiz botako zuten "urriaren hasieratik" jakin arren, "azken minuturaino" itxaron dute epaitegira jotzeko. Landaren ustez, "fede txarrez" jokatu du PSE-EEk, "lanak eraistearen erdi-erdian gelditu eta auzokideen aurrean ageriago egiteko". Horrek "egoera kaskartzea baino ez" du eragin alkatearen hitzetan. Izan ere, "gaur bukatu behar zuten hondakinak batzen eta, orain, gutxienez, urtarrilaren 7ra arte ezin izango dute egin langileek", Gabonetako oporraldia dela eta. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Joseba Arregi Hirigintza zinegotzia, Imanol Landa alkatea eta Koldo Iturbe Kultura zinegotzia, astelehen goizean, Getxo Antzokia botatzen ari zirela.

Landak nabarmendu duenez, “horrek eragozpen gehiago eragingo ditu auzokideengan eta gastu gehiago udal kutxan, orain ingurutik hondakinak kendu nahi baditugu, Udala ez ohikoa eta aurreikusita ez zegoen egoera urgentziaz konpontzen saiatu beharko delako”. Alkateak Getxoko PSE-EEri bota dio hori guztiaren errua, "arduragabekeri larria eta seriotasun falta" erakusteaz gain, "alderdikeriaz, denon interesekin jokatzen ari delako”. “Ereagako eraikinaren inguruan jarrerak hurbiltzeko berriro eskua luzatu dugun aste berean gertatu da hau eta Getxoko PSE-EEk emandako erantzuna ezin baino adierazgarriagoa da”, gaineratu duenez. Hala ere, Luis Almansa buru duen alderdiak auzi eskaera kendu arren, Getxo Antzokia eraisteko akordioaren legezkotasuna egiaztatzeko prozedura aurrera jarraitzen du epaitegian. Horren aurrean, "guztiz lasai" dagoela adierazi du Landak, udal zerbitzu juridikoengan "konfidantza osoa" duelako eta horiek esan dietelako PSE-EEk aipatutako ilegaltasun akusazioek ez dutela "inolako oinarri juridikorik”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun