Bueltan dator durangarren "diktadura"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 21a, 14:46

Xabi Paya bertsolari algortarrak ezin izan zion eutsi atzoko finalean txapelari. Igor Elortza durangarra suertatu zen 2008ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren irabazle, buruz burukoa, bere herrikide Unai Iturriagarekin jokatu ostean. Azken horrek saioaren aurreko prentsaurrekoan promestutakoa ere bete egin zuen, bigarren postua erdietsiko zuela alegia. Xabik berak esan bezala, orain bi urteko etenaldiaren ostean eta txapelketak 50 urte bete dituen honetan, durangarren "diktadurara" bueltatu ote gara?. Elortzak berak bosgarren txapela du aurtengoa. Hirugarrenetik hasita, ondoren sailkatu ziren, Arkaitz Estiballes, Iratxe Ibarra, Onintza Enbeita eta Etxahun Lekue, puntu gutxiren bueltan. Azken bi lekuak, berriz, Xabi eta Fredi Payarentzat izan ziren, hurrenez hurren. Onintzak berak "potoen finala" bezala izendatu zuen atzokoa. Hala ere, bertsolariak egindako lanarekin eta giroarekin gustura geratu ziren orokorrean. 4.500 bertsozaletik gora batu zen Barakaldoko BEC erakustazokan. Itxura ederra eta giro ezin hobeagoa hartu zuen Bizkaia Arena aretoak. Horren adibide, bertsozaleek eskuak urratu arte emandako txalo zaparradak. Argazkian, Jon Azpillagak Igor Elortzari txapela jartzen. Argazki gehiago hemen sakatuz ikus daiteke.

BECen bildutako jendetzaren berotasunaz harrituta eta hunkituta agertu ziren Bizkaiko Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak, saioa amaitu ondoren. Izan ere, orain bi urte, Arriagatik Euskalduna jauregira igaro ostean, BECeko Bizkaia Arena ere txiki gelditu zen atzo. Saioari dagokionez, nahiko orekatua izan zen. Bertsolari batetik bestera ez zen alde handiegirik egon puntuetan. Besteak beste, laugarren gelditu zen Iratxe Ibarrak adierazi zuenez, "ez dut inortxo ere behera jausten ikusi eta bertso oso onak izan dira".

Igor Elortzak, berriz, ez zuen "inondik inora espero" buruz burukora heltzea. Hori bai, behin helduta, zera pentsatu zuen: "Oraintxe justifikatu behar dut hemen egotea". Esanak esan, saio ona egin zuen durangarrak. Berak bakarka botatako lehena izan zen finaleko bertsorik puntuatuena (50 puntu), baita horregatik saria lortu ere. Beste hainbat bertsotan egin bezala, orduan ere, Itzubaltzetako finalaurrean plazaratu zuen Mikel Laboaren "Izarren Hautsa" abestiaren doinua gero eta hobeto maneiatzen duela erakutzi zuen Elortzak. "Zure aitona-amonak auzoan zabaldutako denda txikia itxi egingo duzu. Gaur da denda zabaltzen duzun azken eguna", jarri zion gaia Bernar Mandalunizek.

Igor Elortza:

Berrogeta hamar urte badira
zabaldu zela ospera.
Orduz geroztik hamaika auzoko
etorri da erostera
garbikaria zein jatekoa
bazkalaurreko zein ostekoa.
Dana aldatu ete da?
Oin be jendeak hona etorteko
eukiko leuke aukera
baina zergaitik ez da etorten?
Hoixe da nire galdera.
Danek dinoe denda txikiak
dira politak ta egokiak
baina konprak egitera
guztiak Max Centerrera.

Beste durangarrak, Unai Iturriagak harriduraz hartu zuen buruz burukorako pasea, "egun osoan zalantzan" ibili baitzen. Jada azken txanpan, "iruditu zait baten bat nire ahotsean ari zela abesten", aitortu zuenez saioa bukatuta zegoela. Aurretik, kartzelako gaian, Iturriagak maiteminduta zegoela adierazi zuen, eta baliabide hori baliatu zuen azken agurreko bertsoan ere, tartean Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohia eta aurretik ETBko arduradunak bera eta Elortzaren saio bat zentsuratu izana gogoan zuela edo: "Unai berri bat jaio da, "Gaur Egun"-ek guri buruz ez dau ezer esaten". Bitartean, Etxahun Lekuek, seigarrenak, zortziek egindako saio onaz aritu zen. Eta bosgarren gelditu zen Onintza Enbeitak esaldi batez borobildu zuen, umorez, larrabetzuarrak esandakoa: "argi dago onenak garela".

Barre algarak

Bernar Mandalunizek jarritako hainbat gaik entzuleak barre eta algaraka jartzeko aukera eman zuten. Horien artean, hirugarrena izan zen Arkaitz Estiballesi egokitutako bakarkakoa. Ofizio horri "beldurra" diola aitortu zuen atzo ere bilbotarrak. Fredi, Xabi eta Etxahunekin entrenatzen ibili dela, ihes egiten zuen hori landu behar zuten bakoitzean. Hala ere, bertso bakoitza bestearekin harilkatzen zihoala, jendearen algarak entzutea, "gora egiten lagundu" ziola adierazi zuen. Bakarkakoan ondoko gaia jarri zion Mandalunizek Estiballesi: "Giltza hotsa entzun eta ohe lagunak armairura bidali zaitu. Ordu erdi daramazu barruan".

Arkaitz Estiballes:

Giltzak entzunda hemen sartu nau
ni armario barrura.
Dirudienez iritsi zaigu
heldu behar ez zen hura.
Orain artean izar artean
egona nintzen gustura.
Izerdi tantak mugitzen ziren
hemen larrutik larrura.
Mahai gainean farlopa pixkak
gainera Bilboko ura.
Ta neska ere ederra dago
ederra dauka itxura.
Hiru-lau aldiz nire haziak
jo du hemengo helmuga.
Eta bost ordu egon behar badut
ere ez dit asko ardura.

Gela osoa ziur beteta
dagoela gure usaiz.
Barealdiak etziren asko
genituen hainbat ekaitz.
Holakoetan bekatariak
izaten ditu hainbat gaitz.
Eta senarra noski ez dela
egongo aurpegi alaiz.
Egoera hau etxe askotan
gertatu zait niri hain maiz.
Ta horregatik etortzen bada
esango diot ni naiz Arkaitz.
Zer moduz zaude ta nahi baduzu
aldatu dezakegu gaiz.
Tekniko bat naiz ta hozkailua
konpontzera etorri naiz.

Hunkidura

Hala ere, barre eta algara ez ziren izan atzoko zortzikotearen bertsoek eragindako sentsazio bakarra. Entzuleek bertsolariek botatako bertsoekin hunkitzeko aukera ere eduki zuten, baina horien ondoren txaloka eskuak urratzeko ere. Besteak beste, Onintza Enbeitari egotzitu zitzaion horrelako gaia, bakarkakoan: "Alaba presoari bisitan joan zara, baina gaurko bisita berezia da. Bere ume jaio berria ezagutuko duzu". Muxikarrak amaieran aitortuko zuenez, "oso hurbil" geratu zitzaion bakarkako lana. Ama izan berri den Alaitz Areitio bisitatzera joan zen, orain gutxi, Frantzia aldeko Fleury espetxera.

Onintza Enbeita

Etxeko su baztarretik
egon arren oso urrun.
Familia izan dozu
zuk alaba beti lagun.
Orain be ausartu eta
ay, ene, zer egin dozu
Gaur, bi bider, hiru bider
emon behar doutsut nik mu.
Emakumeok hau zer dan
zelan ederto dakigun.
Gure paradoja zar hau
bertan argitu dagigon.
Ume preso egin duzu
kartzela honetan ilun.
Ta selako askatasun
usaina ekarri deuskun.

Euforika gagoz hemen
bis a bis gela kutrean.
Umea lo gelditu jat
neure besoen artean.
Kontatu eidazu partoa
zelan joan da bitartean.
Zelan sentiduten zinen
zu ospital hotz batean.
Nahi zendun ta egin dozu
ta ama zara azkenean.
Hasi jatzu bai txiki hau
hortxe zeure barrenean.
Amama be egongo da
betiko zorionean.
Hirurok etxe berean
batzen garen egunean.

Sailkapena:

1. Igor Elortza, 909 puntu.
2. Unai Iturriaga 891,5.
3. Arkaitz Estiballes 500.
4. Iratxe Ibarra 489,5.
5. Onintza Enbeita 489.
6. Etxahun Lekue 487,5.
7. Xabi Paya 486.
8. Fredi Paya 478.

Informazio gehiago

Informazio, argazki eta audi gehiago beheko guneetan topa daiteke. Bideorik, berriz, ez du aurkituko bertsozaleak. EITBk eskubideak erosi dituela eta ohiko guneek ezin izan dute irudirik eskaini.

- Ukberri.net-en argazkiak
- botasarean.biz
- larrabetzu.org
- bertsoa.com
- berria.info
- gara.net
- deia.com
- Wikipedia
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun