Seguru asko, begiko hartuko dute horiek jauntxo hauek Euskal Herria izendapenaren kontra hartutako erabakia.
Zergatik makurtu egiten da beste batzuen nahietara erakunde pribatua den Euskal Futbol Federazioa? Erabakiak hartzeko egiazko autonomiarik ez dauka, edo bestela, botere eta ekonomia interes ilunak ezkutatzen dira federazioaren eta bere ordezkarien atzean.
Manipulazio kanpaina honi guztiari kirolari uholdeak erantzun dio, ez bakarrik futbolariek, baita beste kiroletan aritzen diren beste 800 bat lagunek ere. Honek argiro adierazten du kirolari gehienek aurrera pausuak emateko prest eta gogoz daudela. Finean, euskal jendarte osoa dago nazkatuta horrenbeste egoskortasun eta utzikeriarekin, gure bihotzen barrenean dagoen gai baten inguruan ari baikara. Euskal Herria selekzioa baino gehiago da, sentimendua da. Eta ideia eta sentimenduekin ezin izango dute amaitu.
Durangon, joan den asteazkenean, adostasunera heltzeko egindako azken saiakeraren ostean, argi geratu zen federazioaren eta horren presidente Dobaranen itxikeria. “Euskal Selekzioa” izendapena ere ez zuten onartu, aukera eskasak utziz akordioa lortzeko.
Zaletuon ustez “Euskal Herria” da erabil daitekeen izendapenik egokiena, bere gain gure nazioaren zazpi herrialdeak hartzen dituelako, alde batera utziz menpeko hartzen gaituzten Espainiar eta Frantziar estatuek erabiltzen dituzten bereizketa interesatuak alde batera utziz.
Hori dela eta, jendarte osoa deitu nahi dugu, abenduaren 27an, Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera. Gure selekzioen alde aterako gara kalera, batzen gaituen Euskal Herria izendapenari eutsiz eta banatu nahi gaituzten trikimailuak eta promes faltsuak alde batera utziz.
Atzera pausurik ez, ezta indarra hartzeko bada ere! Guztion artean lor dezakegu eta lortu ahal izango dugu!
Nazio bat, selekzio bat, federazio bat!
Zazpiak bat!
Herri Norte Taldea, Abertzale Sur, Eztanda Norte, Peña Mujika, Indar Gorri eta Eibarko Zaletuak