ETAn sartuko direla iragarri dute publikoki hamar lagunek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 21a, 15:57

Ezker abertzaleko hamar lagun agiri publiko baten bidez iragarri dute Euskadi Ta Askatasuna (ETA) erakundean sartu eta borroka armatuari ekingo diotela, beste aukerarik ez dietelako utzi esanez. "Berria" egunkariak zabaldu duenez, hamarretik lauk, zehaztu gabeko toki batean, agerraldia egin dute aurpegia estali gabe baina izena adierazi gabe. "Euskal Herriaren alde borrokan jarraituko dugu!" lelodun kartel baten ondoan azaldu dutenez, Poliziaren jazarpenetik ihes egindakoak dira, Polizia haien bila joan denean ihes egindakoak: "hortzeraino armaturiko poliziek gu torturatu eta espetxeratzera etorri direnean ihes egin behar izan dugu", azaldu dute aipatutako adierazpena irakurriz. Haien iritziz, "Euskal Herriak ez du demokraziarik ezagutzen, ezin du bere etorkizuna erabaki". ETAko kide berriek EAJ eta Nafarroa Bairen jarrera gaitzetsi dute. "Herri hau hiltzeko Estatuek duten determinazioaren aurrean, zer egiten dute Euskal Herriaren alde «abertzale» deitzen diren indar politiko horiek?", galdetu dute.

ETAn sartzea erabaki duten hamar pertsonek publikoki zabaldutako agiria

Gaur hemen aurkezten garen lagunok, euskal herritarrei egin dugun hausnarketa eta bere ondorioz ematera goazen urratsaren berri eman nahi diegu.

Euskal Herriak ez du demokraziarik ezagutzen, ezin du bere etorkizuna erabaki. Euskal Herriak sufritzen dituen eraso errepresiboa eta egoera antidemokratikoa larriagotzen ari dira. Ez dago adierazpen askatasunik, ez dago antolatze askatasunik, ez dago mobilizazio askatasunik, ez dago independentista izaterik... gure etorkizuna ezin erabaki eta epaile zein guardia zibilaren diktadurara kondenatzen gaituzte.

Herri hau espetxeratu, erbesteratu, zigortu eta bortxatzen duten bitartean, PP eta PSOEko torturatzaileekin batera ETA deitoratzea eskatzen digute PNV eta Nafarroa Baiko politikari lotsagabeek. ETAren aurka hain ozenki ateratzen diren horientzat, gure gaitzespen eta beren hipokresiaren deitoratze tinkoena. Euskal Herriak demokraziarik gabe, diktadura polizial eta judizialaren aurrean, herri antolakundeen eta alderdien ilegalizazioaren aurrean, preso politikoak hiltzeko kondenen aurrean... finean, herri hau hiltzeko Estatuek duten determinazioaren aurrean, zer egiten dute Euskal Herriaren alde «abertzale» deitzen diren indar politiko horiek? Noiz altxatuko dira herri honek jasaten duen zapalkuntzari aurre egiteko?

Hemen bildu garen herritarrok, modu batera edo bestera, Euskal Herriaren aldeko borrokan parte hartu dugun Ezker Abertzaleko militanteak gara. Orain arte, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko herri antolakundeetan jardun dugu. Hortzetaraino armaturiko poliziak, gu torturatu eta espetxeratzera etorri direnean ihes egin behar izan dugu. Ez gara bakarrak izan. Azken urteotan, jende andana espetxera eraman dute edo ihes egin behar izan du soilik herri honen askatasunaren alde aritzeagatik. Egoera horri herri bezala erantzuteko dugun premia inoiz baino agerikoagoa da.

Baina gaur, burutzen ari garen adierazpen honen bidez, honakoa azaltzera gatoz: Gure antolakundeetan borrokatzeko aukerarik jada ez dugula ikusirik, adierazpen hau izenpetzen dugunok ez dugu borrokarako etsipenean erortzeko edota gure burua Espainiako 'Audiencia Nacional'-ean aurkezteko inongo asmorik. Etsaiak gu neutralizatzeko asmoa bazuen, oker dabil.

Guk hartua dugu gure erabakia: Armekin etorri dira gure etxeko atea botatzera, torturatzera eta espetxeratzera. Espainian hain errotua dagoen armen arrazoiarekin etorri zaizkigu, eta guri bederen, borrokarako beste aukerarik ez digute utzi; armen inposaketari armen bidez aurre egitea geratzen zaigu, eta determinazioz egingo dugu!

ETAkoak ez izan arren, ETAko kide bagina bezala epaitu eta bahitu nahi izan gaituzte, eta horren aurrean ez gara kikiltzen: Armak eskutan hartu eta, gure aurretik beste askok egin duten bezala, Euskadi Ta Askatasunean sartzeko hautua egin dugu. 50 urte dira Euskadi Ta Askatasuna sortu zenetik, 30 urte euskal herritarrok Espainiako konstituzioari ezetz esan genionetik. Zenbat urte igaro behar dira inposaketaren bide antzua dela ikus dezaten? Herri honek bizi duen eraso egoera iraunkorraren aurrean, apaltasunez baina harrotasun osoz, euskal herritarrei gure erabakiaren arrazoiak azaldu nahi genizkien, bai eta mezu argia helarazi errepresioaren arduradun politikoei ere. Azkenik, Euskal Herriaren askatasunaren eta berrerainkuntzaren alde era antolatuan eta konprometituan borrokatzeko deia luzatu nahi genieke euskal herritar guztiei.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun