Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala bukatuta, Xabi Payak berak aitortu zuen ez zuela gustura kantatu. Alde batetik, hamarreko txikian, Iratxerekin egindako ofizioan, aukeratutako hildakoaren ahotik bertsoak botatzea zeukan pentsatuta, baina gero Iratxek "Xabi" bezala izendatu zuela gogoratu eta, azken unean, bertsoaren egitura aldatu zuela gogoan izan zuen, "inoiz egin behar ez dana", eta hortik aurrera, "domino efektu bat gertatu da nigan. Gauza bat pentsatu eta bestea esaten hasi naiz". Beste aldetik, "presio plus bat neukala sentitu dut. Saiatu naiz eramaten, baina...", aipatu zuen algortarrak; txapela "Durangoko duopoliorengandik" defendatu behar izatearena alegia. Hala ere, egindakoaz ez, baina egoerarekin gustura egon zela adierazi zuen atzoko bertsolari gazteenak. Izan ere, BECeko giroa itzela izan zen. "Saskibaloi partida ikusten" ari zela iruditu zitzaion Xabiri. Algortarrak ez daki oraindik bertso saioen kopuruan jaitsiera nabarituko duen. Aitortu zuenez, plazan aritzeaz gain, txapela jantzi zuenetik plaza gizona ere izan da instituzio zein herri mugimenduentzat. Dena den, ez daki agendak asti gehiago eta berarentzako denboratxoa ere utziko duenik: "Xabi Payaren plan estrategikoa ez dut egin, oraingoz", dionez.
Dena dela, atzoko finalean gustura ibili ez zen arren, ale politak utzi zituen Paya anai-arreben artean erdikoak. Batez ere, Fredi anaia nagusiarekin egokitutako zortziko txikiko ariketan. Payatarrek ere buruz buruko txikia eduki zuten beraz. Hala ere, ez zen izan euren jarraitzaileak "Payatarrak buruz burukora" irakur zitekeen pankartan eskatzen zutena izan. Honako gaia jarri zien Bernar Mandalunizek: "Nerabe baten gurasoak zarie. Xabi etxeratu zarenean Fredi semearen gelako atean belarria ipinita harrapatu duzu".
Xabi:
Etxera heldu eta
enarra mesedes
geure semearengan
hainbeste interes
barragarri zagoz ta
benetan aldrebes
amari esaten jako
bainan aitari ez.
Fredi:
Hamalau urte dekoz
ta indarrez beteta
logelara ordutan
sartzen da uneka
ah, ah, entzuten diot
ta ez da berriketa
gimnasia egiten dabil
baina ze ariketa.
Xabi:
Zaratak hasteko zu
zuk estuasuna
bada lasaitu zaitez
ay, zenar laguna
semeak sentiko dau
gelako jarduna
zeuk bere adinagaz
egiten zenduna.
Fredi:
Bale adin horretan
ona da irrika
baina burua berau
ya galtzen hasi da
hogei rebista porno
txarra deukek eta
Bertsolari aldizkarian
azalak jarrita.
Xabi:
Baina arron etxean
berotu al da ba
aldizkarian narraz
zelako algara
tira jo semearen
ateko aldaba
sarritan galdetzea
errazagoa da.
Fredi:
Zein demokratikoa
zaren Remedios
gure aitak konpontzen
eman nau garrikoz
tradizionalak gara
hemen mekaguen zotz
itsu lotuko dala
esaiozu behingoz.
Asensio Bidaurrazaga gogoan
Atzokoan ere, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren 50. urteurrena dela eta, buruan eduki duen izen bat atera zuen BECera Fredi Payak. Uribe Kosta eskualdean bertsolaritzaren aitzindari eta 1958ko txapelketan laugarren geratu zen Asensio Bidaurrazagari eskaini zion hasierako agurra Paya anai-arreben artean nagusiak. Gustura entzungo zuten, gainera, Bizkaia Arenan zeuden algortar guztiek, tartean Imanol Landa Getxoko alkatea eta Josu Loroño zinegotzia. Bidaurrazaga, Getxoko Errotatxu baserriko semea, Espainiako txapelduna ere izan zen pistako txirrindularitzan. Getxoko Udaleko Francoren sasoiko artxiboetan idatzi zutenez, "Asensio Vidaurrazaga: rojo separatista, buen versolari". Bertsoak zarzuela eta flamenko doinuekin kantatzea gustuko zuen. Hala ere, orain egun batzuk Fredik kontatutako amesgaiztoa antza ez zen bete. Horretan, Asensio agertzen zitzaion, bere aurpegi gorri eta txapela jantzita. Bertsoa hastera zihoala egoteko agintzen zion, eskuaren keinu batekin. Belarrira hurbildu eta xuxurlatzen zuon: "Fredi, isiotu mikroa". Hala ere, gogoratu behar da orain 50 urteko finalean, beste bertsolari bat izan zuela eskualdeak: bosgarren geratu zen Eusebio Zubiaga urduliztarra.
Audioak eta bideoak eskuragai
- Fredi Payak ALBEri eta Asentsio Bidaurrazagari abestutako lehenengo agurra (mp3).
- Xabi Payak Euskaldunetik BECera egindako jauziaz eta txapela eskuratzekotan saltoka emateko distantzia handiagoaz abestutako lehenengo agurra (mp3).
- Fredi Payak eta Iratxe Ibarrak zortziko nagusian abestutako ofizioa eskaleen paperan (mp3).
- Etxahun Lekuek eta Xabi Payak zortziko nagusian abestutako ofizioa, haien aititea desagertu zen gerran eta gorpua topatzeko esperantza agortu zaie (mp3).
- Xabik eta Fredik zortziko txikian abestutako ofizioa. Gurasoak dira, logelan sartuta dagoen seme nerabearenak (mp3).
- Fredik eta Etxahunek hamarreko txikian abestutako ofizioa. Umeak dira, Gabonetan daude eta aurten Olentzero ikustea deliberatu dute (mp3).
- Iratxek eta Xabik hamarreko txikian abestutako ofizioa. Hildakoak dira, Iratxek ehunaka eman du lurperatuta eta gaur Xabi ekarri dute (mp3).
- Fredi puntuei erantzuten (mp3).
- Xabi puntuei erantzuten (mp3).
- Fredi bakarkako lanean (mp3).
- Xabi bakarkako lanean (mp3).
- Bertsolari guztien agurrak eta sari emanaldia, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak botasarean.biz webgunean ikusgai jarritako bideoan, Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur sailburua eta Ondarroako Gestorako kideari publikoak emandako txistukada ez dela ageri:.
Informazio gehiago
Informazio, argazki eta audi gehiago beheko guneetan topa daiteke. Bideorik, berriz, ez du aurkituko bertsozaleak. EITBk eskubideak erosi dituela eta ohiko guneek ezin izan dute irudirik eskaini.
- Ukberri.net-en argazkiak
- ukberri.net: "Bueltan dator durangarren 'diktadura'"
- botasarean.biz
- larrabetzu.org
- bertsoa.com
- berria.info
- gara.net
- deia.com
- Wikipedia