Hiru egunez ibiliko da Getxo udalerritik Olentzero

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 22a, 17:40

Olentzeroren etorrera ospatzeko, urtero bezala, ekitaldi ugari antolatu dituzte Horra, horra, Algortako Olentzero Batzordeak; Areetako Berantzagi dantza taldeak; Getxoko Itxas Argiak; eta Itzubaltzeta / Romoko Zasi Eskola, Ziztu Bizian aisialdi taldea eta Pinueta ere hartzen duen jai batzordeak; Getxoko Udalarekin elkarlanean. Gauzak horrela, abenduaren 22tik 24ra arte luzatuko dira ospakizunak. Gaur bertan, beraz, Gabonetako Kantaldia izango da Algortako Satistegi kafetegian, 20:00etan hasita, eta sarrera dohainik. Bertan Bermeoko Guruzne Ariztegik eta Maitene Ruizek, Ugaoko eta Bilboko Iraide Bilbaok eta Eneko Martinezek eta Galdakao eta Bediako Estibaliz Asuak eta Iñigo Hernandok osatutako bikoteek euskal abestien aukeraketa eskainiko dute. Bitartean, Areetako Eskoletako plazan, “Egipton gertatuak” ikuskizuna eskainiko dute Potxin eta Patxin pailazoek, 19:00etatik aurrera. Argazkian, Olentzero erretzen Algortako San Nikolas plazan / Joseba Zubiaurre.

Bihar, asteartearekin, Algortako San Nikolas plazan, Kuko, Truko eta Bolenwaider pailazoek beren bihurrikeriak egingo dituzte, 18:00etatik aurrera. Ondoren, 19:30ak aldera, bertso saioa eskainiko dute toki berean Getxoko Hezkuntza Arautuko ikasleek, Nahikari Ayok jarritako gaiei erantzunez. Eta, egunari amaiera emateko, Luhartz taldeak girotuko du plaza, 20:00etan. Getxon, berriz, ohi bezala, jaia egingo dute Malakate parkean, 19:30ean hasita. Txistorra jana, burruntzia, musika... eta giro itzela izango dira bertan. Eta Itzubaltzeta / Romon, 18:00etan, Olentzero eta Mari kalejiran jaitsiko dira menditik (irteera Boronitatik) eta Ibaiondoko bidegurutzean umeen gutunak jasoko dituzte.

Gabon eguna

Abenduaren 24an, Gabon egunean, goiz-eguerdi partean hasiko dira ospakizunak. Areetak eskoletako plazan (edo Ipotxen plaza bezala ere ezaguna), 11:00etan hasiko dira ekitaldiak irudi eta erakusketen zabaltzearekin. Gainera, goizean zehar erromeria, Gabonetako euskal ohitura eta ipuinak entzuteko aukera, Berantzagi dantza taldearen erakustaldia eta bertso saioa izango dira. Ekitaldian, Jone Uria, Itxaso Paya eta Arrate Illaro kantatuko dute, Nahikari Ayoren gidaritzapean. Algortako Telletxe plazan, berriz, haurrentzako puzgarriak eta jolasak izango dira, 12:00etatik aurrera. Eta Itzubaltzetan, 13:00etan, trikitixak girotutako mokau herrikoia egingo dute, San Jose elizako arkupeetan.

Tokian tokiko kalejirak arratsalderako utzi dituzte. Gauzak horrela, Algortan, 17:00etan aterako da Benantziotik Olentzero, 18:00ak aldera Villamontera heltzeko. Bertan, San Nikolas ikastolako bertsolariek abestuko dute, gai jartzailea Itaso Paya izango dela. Gainera, musika eta txokolate jana ere izango dira, eta Olentzero, 20:00etan erreko dute, San Nikolas plazan. Getxon ere, 17:00etan abiatuko da kalejira, Andra Mari kiroldegitik, musikariek eta dantzariek alaituta. 19:15ean, txokolate jana egingo dute Malakaten eta Olentzero erreko dute. Itzubaltzetan, 17:30ean hasiko da biribilketa eta 19:15ean amaiera ipiniko diote egunari, txokolate janarekin eta Olentzero errez. Hala ere, aurretik, kale antzerkia izango da, 17:00etan, elizaren inguruetan. Azkenik, Areetan, jolasen ondoren egingo dute kalejira, 19:00etan.

Ikusi egitaraua herriz herri agendan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun