Altzaga eta Erandio Landa bisitatuko ditu bihar Olentzerok

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 22a, 19:10

Asteburuan Goiherri, Arriaga, Kukularra eta Lutxanan egin bezala, astearte honetan, Erandioko beste hainbat auzo bisitatuko ditu Olentzerok. Kilkirtxu elkarteak egindako deiari erantzunez, Altzagan izango da ikazkin zaharra, 17:30ean. Jakina denez, denbora berean hainbat lekutan egoteko kapaz ere bada Olentzero. Gauzak horrela, Erandio Landan zehar ere ibiliko da bihar arratsaldean. Izan ere, 18:00etan abiatzekoa da Goi-alde dantza taldeak antolatutako kalejira. Aipatu dutenez, gabon kantak ere abestuko dituzte. 20:00etan, berriz, “Las pantomimas de Kutxo” antzezlana ikusteko aukera edukiko dute txikiek, Goikolanda ikastetxean. Abenduaren 24an, Gabon egunean, Fanon, Altzagan (18:00etan, Irailaren 23a plazatik abiatuta) eta Astrabuduan (18:30ean, Ignazio Aldekoatik abiatuta) izango dira kalejirak.

Bien bitartean, Erandioko Udalak beste hainbat jarduera antolatu du neska-mutilentzako, Gabonen oporraldiari begira. Besteak beste, Erandio Landan puzgarriak, tailerrak eta ludoteka izango dira, abenduren 26an, ostiralarekin; 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bitartean. Horretaz gain, egun horretan, 19:30ean, “Egipton gertatuak” ikuskizuna eskainiko dute Potxin eta Patxin pailazoek, Goikolanda ikastetxean. Sarrera librea izango da, eserlekuak bete arte.

Hilaren 27tik 30era, baina, Altzagako kiroldegira aldatuko dute haurrentzako parkea. Bertan, puzgarriak, tailerrak, simulagailuak eta ludoteka izango dituzte neska-mutilek, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Horrekin batera, egun horietan, baina Altzagako azoka zaharrean, antzerki saioak ere egongo dira, 19:30ean. Sarrerak euro batean daude salgai jada, Kultura Sailean eta Astrabuduako Josu Murueta kultur etxean. Lau egunetarako sarrerak erosten dituzten pertsonek umeentzako kamiseta bat jasoko dute opari.

Horrenbestez, honako hauek izango dira antzezlanak:

Abenduak 27, larunbata
Deabru Beltzak: "Txanogorritxu" (5-8 urte).

Abenduak 28, igandea
Markeliñe: "Txitxarra eta iñurria" (6 urtetik gora)

Abenduak 29, astelehena
Glu-Glu Produkzioak: "Handitan" (4-9 urte)

Abenduak 30, asteartea
Yllana Produkzioak: "Buuu", gazteleraz (6 urtetik gora).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun