Udala eta Getxo Antzokia botatzen ibili den enpresa akordio batera heldu dira eta bihar, asteartearekin, kenduko dituzte aipatu eraikinaren hondakinak. PSE-EEk aurkeztutako auzi eskaera aintzat hartuta, Getxo Antzokia botatzeko lanak gelditzea agindu zuen, asteazkenean, Bilboko Administrazioarekiko auzi-epaitegiko 2. aretoak. Hala ere, ostiralean, auzi eskaera kentzea erabaki zuen alderdi sozialistak, "eraikina erabat eraitsita egonda, horrek zentzurik ez zeukalakoan". Udalak uste zuen urtarrilaren 7ra arte ezin izango zuela hondakinak kendu, Gabonetako oporraldia dela eta. Tokiko agintarien arabera, "Hirigintza zinegotzigotik egindako ahaleginei esker" lortu da kontratatutako enpresa bere langileekin akordioa batera iristea. Hartara, langileek egun batzutan atzeratuko dituzte euren oporrak. Hori bai, ez dute dohainik egingo. Lanok 10.000 euro gehiagotan aterako zaizkie getxoztarrei. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Joseba Arregi Hirigintza zinegotzia, Imanol Landa alkatea eta Koldo Iturbe Kultura zinegotzia, joan den astelehen goizean, Getxo Antzokia botatzen ari zirela.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!