Etxeko olioa batzeko edukiontziak jarriko dituzte Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 22a, 20:04

Garapen jasangarriari eta birziklapenari bultzapena eman nahian, urtarriletik aurrera etxeko olioa batzeko sistema berria jarriko du kalean Leioako Udalak. Horrela, material horren birziklapena askoz ere erosoagoa izango da leioaztarrentzat, orain arte zegoenarekin alderatuta, ordutegirik ez duen sistema delako, tokiko iturriek aipatu dutenez. Edukiontzi berriak Leioako zortzi gunetan egongo dira kokatuta: Ikea Barri plazan, Artatza kalean, Artatzaganen, Pinuetan, Lamiakon, Txorierrin, Iturribide eta Ikea arteko kale kantoian eta Kandelazubietan, hurrenez hurren. "Horrela herritar bakoitzak, berak nahi duen orduan birziklatu dezake lehengo furgonetaren zain egon barik", azaldu dute udal arduradunek. Euren hitzetan, "ibaietara olio kopuru gutxiago heltzea eta birziklatutakoa bikoiztea" lor daiteke, Rafrinor enpresak ekoiztutako sistema berriaren bitartez, egunean 24 orduz erabilgarria delako. Argazkian, edukiontzi berrien itxura.

Guztira 500 kiloko edukiera dute edukiontzi berriek eta, esan bezala, zortzi gune desberdinetan kokatuta egongo dira, herritar kopuru handiago baten eskura egoteko. "Horregatik, baliteke etorkizunean gehiago jartzea", Udalak adierazi duenez. Sistema berriak, baina, ez du gastu handiagorik ekarriko, tokiko agintarien arabera. Etxeko olioa batzeko jarritako dirua 10.000 euro inguruan mantenduko da. Erabilerari dagokionez, edukiontzi berriak ez dira besteengandik askorik desberdintzen. Betebehar bezala, plastikozko botilak edota tetrabrick-ak erabiltzea gomendatzen dute, barruan etxean erabilitako olioa hotz dagoenean sartuz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun