Krisialdiari kaleraketarik gabe eusteko, hainbat neurri hartu du "Berria", "Matraka" eta "Hitza"ren argitaratzailea den enpresak. Besteak beste, 2009an soldatak izoztuz, asteartean eta asteazkenean "Berria"ri zortzi orrialde kenduz eta paperezko "Matraka" desagerraraziz erantzungo diote bolada txarrari. Aurretik, "Matraka"k unibertsitate zentroetan banatzen zituen milaka aleak zabaltzeari utzi zioten. Merkatu berean lehiatzen zuen "Xirika" gazte komunikazio proiektua ere desagertu da aurten, uda garaian. Interneten, "Gara"n gehigarri bezala eta aldizkarian argitaratzen zen "Xirika".
Joanmari Larrarte EKTko kontseilari ordezkariaren artikulua:
EKTk "Berria"ren irakurleei
EKTn ere krisiaren zantzuak topatzen hasi gara. 2008. urtea galerarik gabe bukatuko du EKTk, talde osoa kontuan hartuta, baina haren barruko enpresa guztiek ez dute emaitza bera izan. "Berria" argitaratzen duen Euskal Editorea SMk aurreko urteetan baino emaitza eskasagoa izan du, eta Jarduna SM eta Etxeraino SM enpresek irabaziekin bukatu dute urtea.
Hala ere, inguruko enpresak bezala, 2009rako aurreikuspenak kezkatzen gaitu. Krisi orokorraren eraginez, diru sarrerak jaitsiko diren aurreikuspenarekin ari gara lanean, batez ere publizitatean jaitsiera espero delako -2008an ere gutxitu dira "Berria"n publizitate sarrerak-. Horrekin batera, bada sektorean bereziki eragiten duen prentsaren krisia, eta hori ere oso kontuan hartu behar dugu: jakina da egunkari salmenta behera egiten ari dela oro har, eta "Berria" ere ari da hori sumatzen, nahiz eta harpidedun kopuruari sendo eusten dion -kioskoko salmentan ari da poliki-poliki behera egiten-.Ondorioz, eta diru laguntzak handitu ezean, Euskal Editoreak 2009an galera handi samarra izan dezake. Egoera kontuan izanda, nahiz eta EKTko zenbait enpresak 2009rako aurreikuspen ona izan, zantzu guztien arabera ez dute sortuko Euskal Editoreak egin dezakeen galerari buelta emateko adinako irabazirik, eta taldearen emaitza negatiboa izatea aurreikusten da.
Hori ikusita, erabaki hauek hartu dira:
1.- 2009an galera bat bere gain hartzeko moduko aurrekontua egin du EKTk, betiere kontuan izanda aurreko urte batzuetan taldearen emaitza positiboa izan dela -taldeko enpresa batzuen emaitzei esker- eta sortutako irabazia erreserbetan dagoela. Administrazio Kontseiluak erabaki du krisi garai hauetan tira egin behar dela aurreko urteetan sortutako erreserbetatik.
2.- Gastuak murrizteko plan zabal bat egin da, eta, komunikabideei dagokienez, eragin nabarmenena honako bi hauetan izango du: batetik, "Berria" egunkarian, zeina asteartean eta asteazkenean 8 orrialde gutxiagorekin argitaratuko den -informazio orokorreko 48 orrialde izango ditu-; bestetik, Matraka gazteen gehigarrian, inprimatzeari utziko baitzaio, besteak beste gazteek paperean baino Interneten gehiago jarraitzen dituztelako hedabideak ere.
3.- Konbentzituta krisi garaian gerta daitekeen gauzarik txarrena inor lanik gabe uztea dela, egokiagotzat jo da langile guztion artean estutzea, eta, langileen batzarrak onartuta, lan itunean adostuta dagoen igoera ez da egingo 2009an, eta lanpostu kopuruari eutsi egingo zaio. Beraz, 2008ko soldatarekin jarraituko dute 2009an, KPIa eguneratu gabe eta igoerarik gabe.
Euskarazko hedabideen eremuan zailtasunak ez ohi dira makalak izan, baina EKT egoera sendoan iritsi da krisi garai hauetara, eta horregatik da bideragarri gorago aipatutako guztia. Eta egoera sendo hori askoren lanari, laguntzari eta konfiantzari esker izan da; eskerrik asko, beraz, hau posible egiten parte hartu duzuen akziodun, erosle eta irakurle, publizitatea egiten duzuen eta langile zareten guztioi.
Oso argi dugu krisi egoeratik ateratzeko bidea ez dela gastuak murriztea, baina epe laburrean horrek aukera ematen du gauzak sakonago landu eta erabakiak hartzeko. Ondorioz, EKTk bi bide ditu jada martxan egoera honi erantzuteko: 1) Hedabideei buruzko gogoeta zabal bati ekin zaio etorkizuneko komunikabideak nondik nora garatu aztertzeko, begi bistakoa baita mundua aldatzen ari dela eta guk ere aldatu behar dugula bide horretan. 2) EKTk zenbait proiektu berri garatuko ditu 2009an, batzuk hedabideen zuzeneko garapenari lotuak, eta beste batzuk zabalagoak, diru sarrerak handitzera bideratutakoak.
EKTn badakigu krisi garaian gaudela -badakigu, era berean, ia-ia etengabeko krisia dela euskarazko hedabideok duguna-, baina ziur gaude gauza izango garela zailtasun hauei ere aurre egin eta etorkizunari behar bezain sendo eusteko.