Bihar bueltatuko da Leioara Olentzero

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 23a, 17:57

Leioako Udalak Gabonetarako antolatutako ekitaldien artean, gaur bertan, adin guztietarako ipuin kontalaria izango da, 18:00etatik aurrera, Kultur Leioan. Txarteldegia ordu bete lehenago zabalduko dute eta euro batean egongo dira sarrerak. Ordu berean, 18:00etan, gaztaina erreak banatuko dituzte Boulevardean eta Euskal Etxeen plazan, doan. Abenduaren 24an, biharko Gabon egunean, Elexalde errotatik abiatuko da, 17:00etan, Olentzeroren kalejira. Boulevard, Sabino Arana, Luis Bilbao Libano, Euskal Etxeen plaza, Boulevard berriro eta Errekalde plazatik igaro ostean, 18:30ak aldera iritsiko da Kultur Leioara. Bertan, liburuak eta opariak banatuko dizkiete txikienei. Txopoeta eta Lamiako arteko bidea ere 17:00etan abiatuta egingo du Olentzerok. Azkenik, 17:15ean irtengo da Itzubaltzeta / Romoko San Jose elizatik, Pinueta auzorako kalejira. Bitartean, bihar arte izango dute Olentzerori gutuna emateko aukera neska-mutilek, horretarako postontzia jarri baitute Kultur Leioan. Argazkian, ostiralean ere egon zen Leioan Olentzero, Mari Domingirekin batera, bertoko kultura topaguneak konbentzituta.

Bitartean, abenduaren 26tik 30era bitartean, Haur Antzerkiaren XI. erakustaldia euskaraz hartuko du Kultur Leioako auditorioak. Saio guztiak 18:00etan izango dira, hilaren 28koa kenduta. Eguerdiko 12etan izango da hori. Egun horretan, aeromodelismo tailerra eta erakusketa ere egingo dute, Sakoneta kiroldegian, 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:30era. Antzerkiarekin jarraituz, lehen aipatu saio bakoitzerako txartelak 4 eurotan gongo dira. Baina 16 euroko bonua erosten dutenek, saio bat edukiko dute dohainik. Bestalde, Aterpe Leioako Gazte Bulegoak jokoteka, tailerrak, zirku ikuskizun komikoa... antolatu ditu egun hauetarako, 13 eta 17 urte zein 18 eta 35 urte arteko gazteei zuzenduta (ikusi Gabonetako egitarau osoa, pdf-n).

Honako antzezlan hauek egongo dira ikusgai Kultur Leioan, Haur Antzerkiaren XI. erakustaldiaren barruan:

Abenduak 26, ostirala
Golden Apple Quartet (Euskal Herria): “Karabas” (5 urtetik gorako umeentzat).

“Katu botaduna” ipuinean oinarritutako musikala. Errotari zahar batek bere semeari katu bat baino ez dio uzten oinordetzan. Hau, gainontzeko katuak baino askoz argiagoa da eta mundu guztiari errotariaren semea Karabaseko Markesa dela sinetsarazten dio.

Abenduak 27, larunbata
Teatre Nu (Katalunia): ”Joanen ilargia" (3 urtetik gorako umeentzat).

Aita gaixorik duen eta haren bizia salbatu behar duen haur batek dituen emozioez hitz egiten digu Joanen ilargia ikuskizunak. Joan uharte batean bizi da bere aita arran­tzalearekin. Zoriontsu bizi dira biak elkarrekin, baina ekaitz-gau batean, itsas kolpe batek osasuna kendu dio Joanen aitari…

Abenduak 28, igandea
La Baldufa (Katalunia): "Baserriko saltza" (3-8 urteko umeentzat).

Hainbat animalia elkarrekin bizi diren etxaldean Oiloa Andraren arrautza bat desager­tzen da. Honen ondorioz saltsa handia sortzen da eta honekin batera guztien arteko konfiantza ezak. Begi guztiak atzerritik heldu berria den Beleari daude begira.

Gogoratu saio hau eguerdiko 12etan izango da.

Abenduak 29, astelehena
Gar produkzioak (Euskal Herria): "Hire zain" (3-7 urteko umeentzat).

Haziak agertu dira eremu mortu eta ilun batean, erne ahal izateko jasoko dituen norbaiten zain dauden hazi gorriak dira; bi gizonek topatu dituzte: batak zaindu egingo ditu eta itxoin, erne arte; besteak bildu egiten du aurkitzen duen guztia, haziak bere bildumaren parte izango dira.

Abenduak 30, asteartea
Teatro Mutante (Euskal Herria): "Munstroak akatu" (8 urtetik gorako umeentzat).

Ane naiz eta 9 urte ditut. Harry Potter eta Operacion Triunfoko Soraya gustatzen zaizkit, ez zait batere gustatzen eskolara joatea, baina ez da ikasi behar dudalako; nire ikaskideengatik da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun