Imanol Landa alkateak, bestalde, "arduragabekeriatzat" jo du PP eta PSE-EEren jokabidea. Berak uste du, popularren eta sozialisten jarreraren atzean, Gobernu Taldeari bi alderdi horiek egin nahi dioten "ezkutuko boikota" dagoela; "zentsura mozioaren bitartez udal agintaritza aldatu nahi baitute", Landaren hitzetan. “Ez dute nahi udalerri honek ezta apur bat ere aurrera egin dezan, datorren martxoko hauteskundeak egin artean, Getxon gerora eragina izango lukeen PSOE eta PPren arteko paktuaren itxaropenarekin. Herriko egitasmo estrategiko garrantzitsuenen aurka egiten dute zuzenean. Ez da adostasuna bilatu ei nahi duen inoren gizalegezko jarrera”, esan du alkateak. Proeiktuak aurrera ez egiteaz duten erantzukizunagatik, "herritarrei azalpenak eman” beharko dizkietela, aipatu du Landak.
Udal agintariak iritzi dio oposizioko alderdiek "denbora nahikoa" izan dutela proiektua abiatu zutenetik -18 bat hilabete-, haren gaineko espediente eta txostenak aztertzeko. Gai horren inguruan zerbait adosteko, bi alderdiok "borondate falta" daukatela salatu du Landak, proiektuari buruz duten iritzia jendaurrean ez agertzea gaitzestearekin batera. Proiektua, azpimarratu du, "hainbat alditan aurkeztu zaie auzo elkarteei, gizarte eta kultur taldeei; baita, oro har, herritarrei ere". Gobernu Taldetik aipatu dute konplexutasun handiko proiektua dela, “inguruko bizilagunei lanak egiten diren bitartean traba askotxo eragingo dielako" "Baina txosten tekniko eta juridikoek indarrean dagoen araudia betetzen duten aldetik guztiz legezkoak direla", gaineratu dutenez.