Sahararako jakiak eman daitezke Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 24a, 13:59

Getxoko Udalak eta Sahararen aldeko Atfal elkarteak Euskal Karabanarekin bat egin dute aurten ere. “Helburu nagusia Saharako biztanleei elikagaiak bidaltzea da, pairatzen duten elikadura-krisia ahal den neurrian arintzeko”, Josu Loroño Komunikazio zinegotziak azaldutakoaren arabera. Tokiko erakundeak kanpainan parte hartzera gonbidatu ditu getxoztarrak eta, horretarako, hainbat produktu eman ditzakete udalerriko ikastetxeetan eta Algortako Amezti kaleko Caja Laboralean herritarrek. Produktuak honako hauek dira: arroza, atuna oliotan, azukrea, pasta, sardinak oliotan, lekaleak eta konpresak. Ikusten denez, produktuak aurreko urtetakoak dira, gehi sardinak oliotan eta lekaleak orokorrean, aurrekoetan dilistak baino ez baitira bildu. “Aurreko edizioetako produktuez gain, aurten beste batzuk gehitu dira, saharar herriaren egoera urtetik urtera txarragoa baita, bizi duten arazo politikoari inork ez baitio konponbiderik ematen. Gainera, laguntzak gero eta murritzagoak baitira”, Julio San Roman Atfal elkarteko bozeramalearen hitzetan. Bilketa kanpaina 2009ko urtarrilaren 23an amaituko da eta, karabana, Bilbotik Alacantera (Herrialde Katalanak) bidean, datorren otsailaren 14ean irtetea aurreikusita dago, hortik Oranera abiatzeko. Argazkian, udan Getxora heldutako Saharako umeak.

“Elika ezazu itxaropena” lelopean, Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkaritzak eskatutakoari jarraituz dago martxan Sahararen Aldeko V. Euskal Karabana. Ekimena Saharar Herriarekiko Elkartasunerako Euskal Elkarteek antolatu dute, “Bakea Saharan” Euskal Legebiltzarreko talde-artekoa eta Euskal Fondoaren Sahararako Koordinazio Unitatearen laguntzarekin. Ildo horretan, Unai Garcia Gallastegui Getxoko Udalaren Garapeneko Lankidetzako teknikariak gogoratu du saharar herriarekiko konpromisoa aspaldikoa dela “eta horren adibideak dira aurrera eramaten ari diren ekimenak, tartean errefuxiatuen kanpamenduetako Bir Ganduz dairarekin senidetzea , “Oporrak bakean” programa eta V. Euskal Karabanarako aurreikusitako diru-laguntza”.

Elikagai-egoera

Nazio Batuen Elikagaien Munduko Programak jakinarazi du 2002ko urriaz geroztik Saharako errefuxiatuek eguneroko elikaduran behar denaren %11 bakarrik eskuratzen dutela, horretarako diru gutxi dagoelako. Izan ere, haien elikadurarako ez dago diru-ekarpen erregularrik. Elikagaien murrizketa handi honek ondorio kaltegarriak ekarriko dizkio errefuxiatuen osasunari, batez ere bost urtetik beherako umeei, emakume haurdunei eta bularra ematen ari diren emakumeei.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun