Areetako udal liburutegiak bat egin du Munduko Egunkariak izeneko ekimenarekin, irakurzaletasuna bultzatzeko Eusko Jaurlaritzak antolatutako Liburutegiak Topaleku kanpainaren barruan. Hain zuzen ere, abenduak 18ko Etorkinen Eguna baliatu zuen Imanol Landa alkateak berau aurkezteko. Gauzak horrela, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako beste bost udalerritan bezala, Areetako liburutegian, atzerriko zenbait egunkari inprimatuko dira, 200 egunkariko datu-basetik aukeratuak, Getxoko etorkinen profila kontuan izanik. Asteko egun guztietan herrialde desberdinetako egunkari batzuk egongo dira ikusgai, tamaina errealean; tartean, Kolonbiako “El Colombiano”, Alemaniako “Handelsblatt”, Filipinar Irletako “Sunday Times”, Bolibiako “Los tiempos”, Frantziako “Le monde”, Txinako “Tianjin Ribao”, Peruko “El comercio/La republica”, Marokoko “Aujourd'hui Le Maroc” eta Libanoko “Al Nahar”. Bestalde, aipatu egunean, Eusko Jaurlaritzak banatutako saria eman zion Landa alkateak Olatz Izagirre San Nikolas ikastolako ikasleari. Jaurlaritzak EAEn 12 eta 15 urteko gazteentzat deitutako literatur lehiaketako irabazlea izan da euskarazko bakarkako modalitatean. Sari moduan Ipod bat jaso du. Argazkian, Landa eta Izagirre gaztea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!