Etorkinen Eguneko jardunaldietan 600 bat lagunek parte hartu dute Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 24a, 18:06

Abenduaren 18ko Etorkinen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatutako jardunaldietan, 600 lagun inguruk parte hartu zuten, Getxoko Udalak gaur adierazi duenez. Giza Art erakusketa izan zen pertsona gehien erakarri zituen ekimena. Horretan, Zubietxe elkartearen arte lantegian egindako lanak zein komikiaren eta irudigintzaren profesionalen irudiak ikusgai egon ziren. 500 bat pertsona joan ziren lan horiek ikustera. Bitartean, astelehenera arte egongo da zabalik, Etorkinen Nazioarteko Eguna dela eta deitutako kartel lehiaketan lanak aurkezteko epea. Horren oinarriak www.kaixogetxo.net-en daude. Halaber, eta 2009 urtea zabaltzeko, poster tamainako kultur arteko egutegia egin dute 2008an sentsibilizazio ekimenetan ateratako irudi grafikoez osatuta. Egutegiak astelehenetik aurrera egongo dira eskuragarri Getxoko herritarren arretarako bulegoetan. Argazkian, 60 bat lagunek parte hartu zuten “World-Kafe Bizipenekin” izeneko mahainguruetan.

Bestalde, Xabier Aierdi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren zuzendariak eskaini zuen hitzaldian, 45 pertsona egon ziren. Aierdik aipatu zituen ildo nagusiak izan ziren EAEn immigrazioaren hazkundea etengabea, ordenatua eta orekatua dela. 30 lagun, umeak gehienak, joan ziren hilaren 19an Algortako kultur etxera, munduko ipuinak entzutera; eta 60 bat “World-Kafe Bizipenekin” izeneko ekimen berritzailean, parte hartzaileen esperientzien bitartez bizitzen ari garen errealitatera hurbiltzea helburua izan zuena. Honetan, immigrazioari buruz hitz egin zuten eta bertan immigrazioko zein nazioarteko arloetako ordezkariak egon ziren, hala nola, garapenerako elkarlanetakoak, euskara eta euskal kultura arlokoak eta hainbat pertsona, norbera bere izenean, administrazio publikoetatik, enpresa pribatuetatik, gizarte zerbitzuetatik, herritarren arretarako bulegoetatik, ikastetxe publikoetatik eta pribatuetatik, eta merkataritzatik. Hurrengo asteetan, egitarau hau aurrera eramateko sortutako lantaldeak adostutako ondorioak idatziz aurkeztuko ditu; parte-hartzaile guztiei bidaliko dizkiete eta herritarrei zabalduko dizkiete udal webgunearen bitartez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun