![](http://farm4.static.flickr.com/3641/3590548484_a29963ebb4_m.jpg)
Atzo arratsaldean, dozenaka lagun bildu ziren Algortako Telletxe plazan,
Iniziatiba Internazionalistak egindako deialdiari erantzunez. Bertan, eskualde mailako ekitaldia antolatuta zeukan, ekainaren 7ko Europako hauteskundeetarako, Alfonso Sastre buru duen ekimenak. Baina, IIko kideez gain, ezker abertzaleak ere hartu zuen hitza atzoko mitinean. Iniziatiba Internazionalistari eman beharrekoa "duintasun eta herrien arteko elkartasun bozka bakarra" dela aldarrikatu zuen
Iker Uriguen ordezkari independentistak (mp3, euskaraz eta espainolez). Ezker abertzaleak Sastreren alderdiari "asko eskertzeko" daukala adierazi zuen horrek. Hartara, igande honetan, hautestontziak "boto gorriz" betetzera deitu zituen orain arte bozkatzeko eskubidea urratua izan duten herritar guztiak. Baina, horiei ez ezik, Aralar, EA eta EAJren oinarri abertzale eta ezkerzaleei ere galdegin zieten atzokoan Iniziatiba Internazionalista bozkatzera, "Euskal Herriko zein gainontzeko herrietako gatazkak konpontzeko" berme gisa.
Bertsoen (mp3) bidez zein aurreskua dantzatuz, ekitaldi osoan zehar izan zuten gogoan Jon Anza. Desagertutako iheslari politiko donostiarraren irudi handi bat (argazkian) ere jarri zuten agertokian.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.