Bestalde, EBPN "parte hartzailea" delakoan dago, zirriborroaren 29 aurkezpen egin dituztelako 39 taldeekin eta 301 ekarpen jaso dituztelako. Multzo horretatik zenbat ekarpen onartu diren ez du zehaztu zinegotziak. Bizarra Lepoan euskara elkarteak soilik, baina, 174 ekarpen aurkeztu zituen maiatzean, jasotakoen %57,8.
Koldo Iturberen esanetan, Getxoko Udal Gobernuak "euskararekiko konpromisoa berritu du" gaur aurkeztutako planarekin. Izan ere, "aurreko plana berritu eta parte hartzea sustatu" dutela adierazi du. Elkarteekin, alderdi politikoekin, sindikatuekin, udal administrazioko teknikariekin, eta Imanol Landa alkateak atzamarrez izendatu zuen Euskararen Aholkularitza Batzordeko kideekin bildu direla zehaztu du.
Getxo udalerrian, euskara nagusi
Iturbe pozik agertu du egun getxoztarren %57,8 euskaraz ulertzeko kapaza dela, nahiz eta baieztapen hori egiteko aurreko datuen estrapolazio matematikoren batean baino ez den oinarritu. Ezagunak diren azken datu errealak, 2001ekoak, honako egoera ematen zuten udalerrian: biztanleen %48,6 erdaldun hutsak ziren, %31,5 ia-euskaldunak eta %19,9 baino ez zen euskalduna.
Koldo Iturbek ezagutzaren datuak eta estrapolazioak eman ditu baina ez, aldiz, erabilerakoak. Soziolinguistika Klusterrak 2006ko Euskal Herriko V Kale Neurketaren datuak oraingoz zabaldu ez dituela, 2001eko datuen arabera, %4,83 besterik ez zen kalean euskaraz mintzatzen.
Hezkuntza arloan ere, Lehen Hezkuntzan oraindik umeen erdia euskalduntzen ez duten ereduetan ikasten du, %25 A ereduan eta beste %25 B ereduan. Beste erdia D ereduan dago. Iturbek adierazi duenez, azken 10 urteotan A ereduak ikasleen herena baino ez du galdu guztira %13 jaitsi egin duela. Bestalde, Haur Hezkuntzan tendentziak baino ez du erakutsi. Bertan, A ereduak %21 egin du behera. Baina Hezkuntza Sailak pasa den azaroaren 19an kaleratutako 2008-2009 ikasturteko matrikulazio datuen arabera, Haur Hezkuntzan 2.316 ume daude Getxon. Haietatik 1.381 neska-mutil jolasten da D ereduan (%59,63). A ereduan, berriz, oraindik orain %20,08 aritzen da, 465 ume. B ereduan, 470 dabiltza (%20,30). Dena den oraindik urrun dago Bizkaiko datuetatik. Lurralde historikoan, haurren %66,31k ikasten du D ereduan, %25,83k B ereduan eta soilik %7,86 A eta X ereduetan. Era berean, aipagarria da oso Udalak "etorkintzat" jotzen dituen umeetatik, hots Estatu espainiarretik kanpo etorritakoak, ia guztiei euskaraz jakitea ukatzen zaiela, %80k A ereduan ikasten duelako eta beste %10k B ereduan. Soilik %10k badauka aukera euskalduntzeko, D ereduan.
Hamar ardatz
Plana gaur aurkeztu arren bere edukia ez du oraindik publiko egin Getxoko Udalak, eta “lan berriaren 10 ardatz nagusi”, aurreratu du Iturbek: “ezagutzatik erabilerara pasatzea, eskolaren lana osatzea, familia bidezko transmisioa sustatzea, euskara ikasleek euskara erabiltzea, etorkinak euskarara erakartzea, Getxoko udalean ere euskaraz egitea, Getxoko euskara sustatzea, erabilera areagotzea gizartearen esparru guztietan, Komunikabideetan euskararen presentzia areagotzea eta baita Getxoko enpresetan euskararen erabilera sustatzea izango dira”.
Hain zuzen ere, merkataritza arloan, 10 dendaritatik 7k uste du etorkizunean bere establezimenduan euskararen presentzia areagotzeak eragin oso edo nahiko positiboa izan dezakeela. Dena den, iritzietatik ekintzetara igaroz gero, portzentajea nabarmen jaisten da: lau establezimendutatik batek baino ez du errotulu nagusia euskaraz.