Sopesex eta gazte bulegoa Kurtzion izango dira hemendik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko urr. 29a, 18:49

Sopesex Sopelako Udalaren sexologia aholkularitza zerbitzua eta Sopelako Gazte Bulegoa Kurtzio kultur etxera tokiz aldatu berri dira. Horren eraginez, hemendik aurrera Sopesexek orain arte zuena baino ordutegi zabalagoa izango du. Kasu horretan, leku aldaketaren arrazoia aholkularitza zerbitzuak jasotako kontsulta kopurua nabarmen handitu izana da. Aldaketarekin errealitate horri zerbitzu malgua eta egokia eskaini nahi izan diote. Orain arte, ostiraletan eta Kultur Etxe zaharreko lehen solairuan egiten ziren saioak. Hemendik aurrera, ordea, asteartetan egingo dira saioak, Kurtzio Kultur Etxean, 18:00etatik 20:00etara. Aurten, honako egunetan izango dira: azaroaren 3, 10, 17 eta 24an eta abenduko 1, 8, 15, 22 eta 29an. Argibide gehiagorako sopesex[abildua]sopelana.com edo sexaholkuak[abildua]hotmail.com posta elektronikoetara edo 944 065 505 telefonora jo daiteke. Bestalde, Gazte Bulegoak lekuaz gain ordutegia ere aldatu du. Astegunetan, goizeko 11:30etik 14:30era eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara zabalik dago. Argazkian, Igor Erauzkin sexologoa neska baten zalantzak argitzen.

Bitartean, Sopelako Kzguneak herenegun, asteartean, zabaldu zituen ateak; nola ez, Kurtzio kultur etxe berrian. Bere ordutegia da 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun