Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez, Ibai Egurrola gazte algortarra Soto del Realgo (Madril, Espainia) espetxetik Navalcarnerora eraman dute. Azken kartzela hori ere Madril aldean dago, Getxo udalerritik 455 kilometrotara. Orain egun gutxi Maribel Prieto berangoztarra eta Mari Mertxe Alcocer andre algortarra ere Soto del Realdik atera zituzten. Lehenengoa Avilako Brieva espetxera eraman, Berangotik 449 kilometrotara. Bigarrena, berriz, dirudienez hasiera batean Avilara eraman, eta gero Salamancako Topas espetxean sartu zuten. Bertan daukatela jakinarazi zuten bere etxekoek. Topas Getxotik 412 kilometrotara dago. Bitartean, aldaketarik egon ezean, Soto del Realen jarraituko lukete Algortako Amets Ladislao eta Leioako Jabier Gutierrez. Orain bi aste luze atxilotu zituen bostak Irunen, Itzubaltzeta / Romon eta Berangon Guardia Zibilak. Guztiek salatu zuten
"basatiki torturatuak" izan zirela. Hori dela eta, manifestazioa izango da igande honetan, abenduak 28, 13:00etan, Algortako Telletxe plazatik abiatuta. Argazkian, abenduaren 28ko manifestazioko kartela.