Bonbardaketak bere-berehala gelditu behar dira eta eragotzi egin behar da Gazako zerrenda lurrez inbaditzea. Eraikuntza zibilen kontrako erasoek denen ageri-agerian bortxatzen dituzte gerra-ekintzen gaineko nazioarteko hitzarmenak. Israeleko bonbek txikizio larriak eragin dituzte erabilpen zibileko azpiegituretan bai eta epe luzerako kalteak ere bakean garatzeko eskubidea daukan Palestinako ekonomiari.
Berehalaxe ireki daitezela Gazaren eta Israelen eta Egiptoren arteko mugetako pasalekuak, zonako beharrizan humanitario eta ekonomiko larriei erantzuteko. Alde bietako erasoek lehenengo eta behin Gazako eta Israeleko populazio zibilari egiten diote kalte.
Behar-beharrezkoa da nazioarteko komunitateak sendo eta tinko erreakzionatzea zeren eta ezin da geldirik egon indarkeriaren erabilera bidegabe honen aurrean, ordenamendu juridikoa errespetatzeagatik, biktimekiko giza elkartasunagatik eta gatazka guztietan eta indarkeria-agerpen guztietan erabili beharreko balio unibertsalekiko koherentziagatik. Lehenengo erreakzioen epelkeria albiste txarra da giza eskubideen eta bakearen kausarentzat munduan.
Animatu egiten ditugu euskal herritar guztiak egoera honen aurka mobilizatzera eta indarkeriaren goraldi hau geldiarazteko bultzatzen diren ekimen politiko eta mobilizazio guztiak babestera. Era berean, herritar guztiak animatzen ditugu kolaboratzera biktimei laguntzeko martxan jartzen diren giza operazio guztietan.
Eusko Legebiltzarraren 2008ko abenduaren 29ko osoko bilkura