Gabon zahar gau osoan ibiliko da metroa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 29a, 20:33

Metro Bilbaok zerbitzu jarraitua prestatu du Gabon zahar gauerako: 00:45ean hasiko da funtzionatzen, gutxi gorabehera. Ehun bat pertsona egongo dira lanean metroak ondo funtziona dezan, eta trenak bost minuturo ibiliko dira ordurik jendetsuenetan, garraio enpresako arduradunek gaur iragarri dutenez. Abenduaren 31n, 20:20an Plentziatik, 20:42an Portugaletetik, 21:00etan Etxebarritik Portugaletera eta 21:05ean Etxebarritik Plentziara irtengo dira azken trenak. Gabon zahar gaueko zerbitzu bereziarekin batera, indarrean sartuko dira Metro Bilbaoren tarifa berriak. Abenduaren erdialdean adostu ziren eta Euskadiko Prezioen Batzordeak ontzat eman zituen. Prezioek %2,39ko batez besteko igoera izan dute, eta KPIren igoeraren antzeko igoera izango dela aurreikusi da. Metro Bilbaok joanaldiko txartela gehiago igotzeko politikarekin jarraitzen du. Horrela, erabiltzailearentzako deskontu gehien dituzten txartelak gutxiago igoko dira. Argazkian, metro geltoki bat bidaiariz gainezka.

Gabon zahar gauerako diseinatutako dispositibo bereziari esker, jai giroa dagoen lekuetara joaten diren pertsonek "garraiobide segurua" izango dute eskura, Metro Bilbao garraio enpresako arduradunek adierazi dutenez. Gaueko ordu askotan bost minutuko maiztasuna izango da Bilbo barruan, eta hamar minutukoa alde bietan. Guztira, 150 zerbitzu jarriko dira martxan 1:00ak eta 9:00ak bitartean, eta horrela, 70.000 pertsonaren eskaerari erantzungo zaio.

Maiztasuna

Zerbitzua 00:45ean hasiko da berriro, eta 3:00ak arte, trenak bost minuturo ibiliko dira Etxebarri eta San Inazio artean, hamar minuturo Bidezabal eta Portugaletera eta 20 minuturo Plentziara. Halaber, 3:00ak eta 6:00ak bitartean maiztasuna hamar minutukoa izango da bide-zati arruntean (Etxebarri-San Inazio) eta 20 minutukoa gainerakoan. Gainera, 6:00etatik 9:00ak arte, trenak bost edo hamar minuturo ibiliko dira bide-zati arruntean, hamar minuturo Bidezabalera eta 20 minuturo Plentzia eta Portugaletera.

Jai giroa dagoen lekuetatik hurbil daudenez, Moyua, Abando eta Alde Zaharreko geltokietan jende asko ibiliko dela uste dute metroko arduradunek. Une jakin batzuetan pilaketak egon daitezkeela aurreikusiz, batez ere lehen orduetan, Metro Bilbaok gomendatzen du geltokietako langileei kasu egitea eta joan-etorriko txartela hartzea. Halaber, gogorarazi du debekatuta dagoela metroko instalazioen barruan jan, edan eta erretzea, eta zerbitzu berezi honekin batera, indarrean sartuko direla tarifa berriak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun