Josu Gotzon Landeta: "Muru mendia"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 30a, 13:07

Hamasei edo hamazazpi urte dogu gehienok. Udako ehiza akaba jaku. Jaialdirik jaialdi neska politen bila ibili arren, piezarik ez dogu jaso. Hori bai, atxurrak partide hartu doguz. Tabernariak behintzat pozik lotu dira gugaz. Nesken kontuan, laurogeita hiruko uda eskasa izan da. Txoriak atrapetako denbora hasita, piezarik eskura ezin dogun honeek Muru mendiko landetan batu gara, batzuk euren txinberak eta eskopetak eskuetan, eta beste batzuk (neu barne) ehiztariak izan barik besteen ekintzei begira, edo lagunduten batzuetan. Eta halako batean………. hor dator Musgoio eskopeta eskuan daroala, munizioz ederto kargatuta. Danok berari begira gagoz, harriduraz batzuk, miresmenaz beste batzuk. Goizean goizetik txori ehiza hasi da. Batzuetan zeozer jausten da, birigarro, txiotxu edo beste. Oilagorra atrapetako abila izan behar da, gero. Gaurkoan, ostera, ez oilagorrik ez ezer; jaialdietako suerte berbera daroagu, antza.

Azken errekurtsoa: artatxoriak atrapatea, baina horreek ezin dira jan. Orduan tiro-praktikak egin beharko. Malakateko hormaren kontra taula lodi bat imini dogu, eta txinberak eta eskopetak erabiliaz hor gabiltz tiro eta tiro, hori bai, munizio gitxi, karua da-eta. Gaurkoan Musgoio txapeldun.

Muruko landetan Musgoio genduen errege. Goiz goizetik hantxe ibilten jakun eskopeta eskuan txoriren bat noiz atrapako. Handik urte batzuetara neoliberalismoaren etxe-espekulazio basatiak, hango unibertsoa erausi zeuen. Gaur Muru mendirik ez dago. Halanda bere, batzuetan adi egoten naz aberats enpeinatu barrien adosatuen artean, eta halakoetan Musgoio eskopeta eskuan ikusi neike, txakur kakadun baratze barri horreen ganetik pasaten.

Josu Gotzon Landeta
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun