Avanzada osorik estaltzea baztertu du Aldundiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 30a, 17:53

Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraio eta Herri Lan Sailak Leioako Udalari igorri dio Avanzadako tunela egokitzeko eta handitzeko aurreproiektua, atzo Eneko Arruebarrena alkateak jakinarazi zuenez. Besteak beste, egun estalita dagoen zatiaren, hau da, Boulevardaren luzapena iradokitzen du txostenak, horren azalera bikoiztu arte. Ia bi kilometroko estalketa osoa egitearen kontra azaldu da foru erakundea, euren hitzetan, "zailtasun tekniko eta kostu ekonomiko altuegia suposatuko lukeelako". Bestetik, Arruebarrenak azaldu zuenez, herriko hainbat lotura "erabil ezin" bihurtuko liratekeela uste du Aldundiak; Mendibileko biribilgunea, Kandelazubietako lurrazpiko pasabidea eta Artatza (suhiltzaileak), hurrenez hurren, "Leioako lotura garrantzitsuak direnak gaur egun". Azkenik, mota horretako irtenbide batek inguruetako herriekin "solidaritate falta" suposatuko luke, foru agintarien arabera, "Avanzada Getxo edota Erandiotik ere pasatzen delako". Bitartean, Udalak estaliko den azalera "80 edo 90 metro gehiago" baino ez du eskatuko, Iturribideko tunelaren amaierara arte, Bidekurtzio bidegurutzetik hurbil. Tokiko erakundeak Aldundiari iradokizunak bidali eta gero, 2009ko hasieran proiektua enkantean jarri eta horrek 2010ean behin betiko txostena lortzea ahalbidetuko du, aurrekontu foraletan kontutan izatekoa. 36 miloi euroko inbertsioa suposatuko luke gutxienez. Argazkian, oinezkoentzako pasabidea Avanzada gainean.

Avanzadarako aurreproiektuak estalitako zatiaren azalera 310 metro izatetik (egungo Boulevarda) 620 metro izatera aurreikusten du. Horrek "80ko hamarkadan egindako Avanzadaren Bikoizketaren Proiektuak estali gabe utzitako zati biak estaltzea suposatuko luke", Eneko Arruebarrena alkate leioztarraren arabera. Modu horretan, Leioako erdialdearen azpitik igaroko da Avanzada, Iturribiden hasi, Bidekurtzio plaza -Mendibileko pasabidea dagoen toki azpitik- igaro eta Artatzagane auzoko biribilgunera arte, hots, skate park-aren albora arte. Aldundiaren asmoen artean tunela bere osotasunean europar segurtasun arauetara moldatzea ere badago. Horren arabera, tunelak izan beharko lituzke: kanpora ematen dituzten 8 ebakuazioa galeria, suteen kontrako sare hidratatzailea, BIEak eta su-itzalgailuak, aireberritze sistema mekanizatua eta airea ateratzeko putzua, SOS posteak, megafonia eta irrati-komunikazioak, seinale dinamikoak eta argiztapena, kontrol sistema zentralizatu batez gain.

Azterketa epea

Proposatutako aurreproiektuaren ildo nagusiak biltzen dituen dokumentua Udalaren esku dago egun, aztertzeko eta iradokizunak plazaratzeko, azken proiektuari forma emateko. Tokiko erakundea "helburu bikoitzarekin" dabil lanean. Alde batetik, herri erdialdeak irabaziko duen azaleraren urbanizazioa definitu beharko du gaur egungo erabilpenak mantenduz; baita oinezkoentzako iragazkortasunean irabaztea eta berde guneak handitzea ere. Bestetik, Udalak estaliko den azalera handiagoa izatea proposatuko du; batez ere Iturribideko tunelaren amaierara arte luzatzea, Bidekurtzio bidegurutzetik hurbil.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun