San Nikolas plazarako udal egitasmoa gaitzetsi du Algortako Gazte Asanbladak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 30a, 19:28

Getxoko Udaleko agintarien politikaren ardatz nagusia "inposizioa" dela salatu eta San Nikolas plazan egingo dituzte obrekin ez dagoela ados adierazi du Algortako Gazte Asanbladak. Azaldu dutenez, "agian, Algortak, antzoki handiago baten beharra izango du, honek herritarren behar errealak aseko dituela. Hala ere, ez dugu inolaz ere beharrezkoa ikusten, antzoki berri bat sortzeak, gure herriko enparantzaren suntsipena izan behar duela ordain". Besteak beste, 600 neska-mutil ingururen sinadurak batu dituzte azken aldian, "lanekiko desadostasuna islatuz". Getxo Antzokiaren eraikin berriaz gain, San Nikolas plazan egoiliarrentzako lurpeko aparkalekua eraikiko du Udalak. Lurrazalean, espazio berri eta bakarra sortuko dute, San Nikolas eta Getxo Antzokiko oraingo plazak lotuko dituena. Bestalde, antzoki berriak Algortako Udal Musika Eskolaren egoitza hartuko du, beste azpiegitura batzuen artean. Argazkian, horrelako itxura izango du Getxo Antzoki berriak.

Lehenengo eta behin, Udalak proiektua bideratzeko orduan izan duen "ezkutuzko jarrera" salatu du Algortako Gazte Asanbladak. "Herriari proiektuaren inguruan helarazitako informazioa eskasa izan da, informaziorik ez dela eman ez esatearren", neska-mutilek kritikatu dutenez. Euren aburuz, "dimentsio hauetako proiektua burutzeko orduan herritarrak informatzeak lehentasuna izan behar du. Algortako herritarrei zuzenean eragingo baitie batzuk hartutako erabakiak". Horrez gain, proiektuaren baldintzak eta ezaugarri ezberdinak aztertu ondoren, Algortako Gazte Asanbladak bere desadostasuna agertu dio proiektuaren garapenari. "Udalak inori galdetu barik, botatzea erabaki duen plaza mila harremanen lekukoa izan da bere historian zehar. Herri kulturaren sortzailea sarritan eta gure identitatearen hezitzailea", dio AGAk.

Algortako Gazte Asanbladaren oharra:

Ohar honen bitartez, Algortako Gazte Asanbladak, Udalak Txiki eta Otaegi enparantzan burutuko duen proiektuaren inguruan bere iritzia azaldu nahi du.

Lehenengo eta behin, ezinbestekoa zaigu, Udalak proiektua bideratzeko orduan izan duen ezkutuzko jarrera salatzea. Izan ere, herriari proiektuaren inguruan helarazitako informazioa eskasa izan da, informaziorik ez dela eman ez esatearren.

Gure aburuz, dimentsio hauetako proiektua burutzeko orduan herritarrak informatzeak lehentasuna izan behar du. Algortako herritarrei zuzenean eragingo baitie batzuk hartutako erabakiak.

Horrez gain, proiektuaren baldintzak eta ezaugarri ezberdinak aztertu ondoren, Algortako Gazte Asanbladak bere desadostasuna adierazi nahi du proiektuaren garapenarekin.

Honen harira, aipatu gazte asanbladak hainbat ekimen burutu ditu proiektu hau salatuz, horien artean herritarren artean sinadura bilketa gauzatu da, 600 gazte ingururen desadostasuna bertan islatuz.

Agian, Algortak antzoki handiago baten beharra izango du, honek herritarren behar errealak aseko dituela. Hala ere, ez dugu inolaz ere beharrezkoa ikusten, antzoki berri bat sortzeak gure herriko enparantzaren suntsipena izan behar duela ordain.

Txiki eta Otaegi plaza Algortan bizi garenontzako leku adierazgarria da.

Bertan herri kulturaren adierazpenik handienetakoak sortzen dira, herri kultura, kirola eta harremanak uztartuz sortzen dugun herriko txokoa da.

Udalak inori galdetu barik, botatzea erabaki duen plaza mila harremanen lekukoa izan da bere historian zehar. Herri kulturaren sortzailea sarritan eta gure identitatearen hezitzailea.

Horregatik, herri honen bizkar hezurrak gure herria bizirik mantentzea nahi dugulako, argi eta garbi adierazi nahi dugu gure desadostasuna proiektu honen aurrean eta bide batez Getxoko Udaleko agintarien politikaren ardatz nagusia inposizioa dela salatu nahi dugu.

Algortako Gazte Asanblada
Txorimalo Gaztetxea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun