Bilgune Feministak egindako deialdiarekin bat eginez, 45 gizon-emakume batu zen atzo iluntzean, Algortako Telletxe plazan, Clara Rangelen hilketa salatzeko. Ustez bere bikotekideak labanaz eraso eginda hil zen herenegun Oreretan (Gipuzkoa) 35 urteko andrea. Ustezko erasotzaileak bere anaia eta emakumearen seme zaharrena ere zauritu zituen eta ondoren, bere buruaz beste egiten saiatu zen. Gertakariak baieztatzen badira, aurten Euskal Herrian bikotekideak hil duen seigarren emakumea litzateke. Horrez gain, Maria Puy Perez Lizarrako (Nafarroa) bizilaguna azarotik desagertuta dagoela gogoratu zuen Bilgune Feministak. Haren bikotekide ohia atxilotua jarraitzen du desagerpenarekin zerikusia duelakoan. Argazkian, "Patriarkatuak hiltzen gaitu! Emakumeon kontrako indarkeriari aurre egin!" irakur zitekeen pankarta atzean batu ziren Algortan.