Begoña gazteluko galerien erabilera publikoa eskatuko dute igandean Arriluzen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko abe. 31a, 10:45

Azaroaren 9an egin bezala, igande honetarako, urtarrilak 4, Algortako Begoñako gazteluko galeriak erabilera publikorako izan daitezela aldarrikatzeko kontzentrazioa deitu du Gorrondatxe kultur elkarteak. Oraingoan ere Getxo aldeko bizilagunek osatutako Sendoa elkarteak, Eguzki talde ekologistak, Uribe Kostako Txalaparta Ekimenetarako Sustapen Taldeak (UKTEST), Andra Mariko Auzo Elkarteak, Antena Ez taldeak, Koska Irratiak eta Itzubaltzeta / Romoko Branka kultur elkarteak bat egin dute deialdiarekin. Elkarretaratzea 13:00etan izango da Arriluzen, eta ordu bete lehenago erakusketa jarriko dute. Galeriak 16 urtez egon dira Udalaren esku itxita. Gorrondatxe kultur elkarteko kideek ustez, "ondare historiko-artistikoa zaintzeko ardura duten erakundeek, Foru Aldundiko eta Jaurlaritzako Kultura Sailek, ez lukete hauen degradazioa dakarren hoteleko proiektua baimendu behar". Imanol Landa alkateari, berriz, "aurreko udal agintariek utzi dioten papeletari buelta emateko garaiz" dagoela adierazi diote. Begoñako gazteluko galerien erabilera publikoa da "egin daitekeen inbertsiorik onena" euren iritziz. EAJk, PPk eta PSE-EEk babesten duten proiektuari, Ezker Abertzaleak, EAk eta Ezker Batuak adierazi diote gaitzespena. Argazkian, Begoña gazteluko galeriak.

Begoñako gazteluko galeriak 1918an eraiki ziren, mendiari eusteko betebehar funtzionalari aterpe eta pasealeku izaera emanez. Euste hormaren atzealdean Etxebarrietaren Txaleta zenaren lekuan orain dauden etxetzarrak 80ko hamarkadan eraiki zirenean, galeriak eta lur zoruaren zati bat Getxoko Udalaren esku geratu ziren. Gorrondatxe kultur elkarteak zehaztutakoaren arabera, "1988an Udalak 35 etxebizitza eta garajeak eraikitzeko lizentzia eman zion orubearen jabea zen enpresari. Baldintza nagusia orubearen erdia eta galeriak erabilera publikorako tokiko erakundearen esku uztea izan zen. Horrez gain ingurua urbanizatzeko 50 milioi pezeta jaso zuen Udalak".

Hala ere, "geroztik udal ondarea dena erabilera publikorako konpontzeko proposamena Udal Batzar Aretoan behin baino gehiagotan aztertu egin bada ere, Udalak abandonaturik izan du urte luze hauetan zehar", kritikatu dutenez. "Aldi berean hirigintza plangintzetan aldaketa bat bestearen atzetik burutzen ari da Barcelo kateak luxuzko hotela egin dezan, behar izatekotan galeriak eraitsiz. Abrari begira dagoen arte lana eta ondasun publikoa getxoztar eta bisitari ororentzat berreskuratu behar dugu", gaineratu dute Gorrondatxekoek. Bere garaian, Getxoko Udalak burutu duen hirigintza plangintzaren aldaketaren aurrean, ehunka galdapen eta kexa aurkeztu zituzten getxoztarrek.

Gorrondatxe kultur elkarteak plazaratutako oharra:

Punta Begoña, Galerien erabilera publikoaren alde!

Getxoko Udalak erraztasun guztiak ematen dizkio Barcelo kateari Punta Begoñan luxuzko hotela egin dezan. Euren ustez turismoa eta ekonomia sustatzeko aukera ona da eta Galeriak behingoz berregin eta erabili egingo lirateke. Udalak urtero 300.000 euro kobratuko luke eta 50 urteko ustiapenaren ondoren, esleipen epea bukatuta, Galeriak eta hotelaren instalazioak, orduan bai, herriarenak lirateke.

Baina hotela egiteko Galeriak eraisteko aukera ireki du Udalak eta hauen egiturak konponduko balira ere, hotelaren berezko beharrek (sarbide-atariak, leihoen irekitzeak, gelaz gelako banaketak, errotuluak, toldoak eta abar) zeharo itxuraldatuko lukete jatorrizko eraikina, hau sortu zeneko helburu funtzional bikoitza, euste horma eta pasealekuak, identifika ezin bilakatzeraino. Honez gain kultur ondareak gizarte osoarentzat bete behar duen helburu soziala ezin beteko litzateke, herritar eta bisitari arruntak desitxuratutako eraikina kanpotik bakarrik ikusi ahal izango bailuke. Erabilera zeharo pribatua eta diskriminatzailea izango luke 50 urtetan zehar.

Honen aurrean alternatiba argia da, Punta Begoñako Galeriak eta hauekin batera 6.109 m2ko partzela udalerriarenzat eskuratu zireneko asmoari eustea: Ondarearen erabilera publikoa. Arkitektura garaikideko arte lanak herritar ororen eskura izan behar du, kanpotik ikusi, barruko korridore bihurgunetsuetatik paseatu ahal izatea eta miradore zein galerietatik Abraren ikuspegi ezin hobea disfrutatu ahal izatea. Galerien erabilera publikoaren oinarrizko irizpide honetatik abiatuta, atzeko espazioa kultur ekipamendu gisa moldatu daiteke.

Galeriak 16 urtez egon dira Udalaren esku itxita eta zerbait egingo denaren aitzakian, ondare historiko-artistikoa zaintzeko ardura duten erakundeek, Foru Aldundiko eta Jaurlaritzako Kultura Sailek, ez lukete hauen degradazioa dakarren hoteleko proiektua baimendu behar. Aldi berean Imanol Landa alkatea aurreko udal agintariek utzi dioten papeletari buelta emateko garaiz da, ondarearen balio kultural eta sozialak hoberen inplementatzen dituen alternatibaren alde egitenez. Punta Begoñako Galerien erabilera publikoa da egin daitekeen inbertsiorik onena.

Bat egin ezazu ondarearen erabilera publikoaren aldeko aldarrikapenarekin!

Gorrondatxe kultur elkartea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun