EITB herri honek hedabide propioak izateko egindako apustu garbiaren ondorio dugu eta euskal herritarrak batzeko erreminta izatea eta komunitate anitz eta dibertso bat antolatzeko tresna izatea, agindu genion bere sortzeko legean; eta hori egin du 25 urte hauetan eta egingo du etorkizunean ere, euskal herritarrak elkartzeko tresna izan, Herria eta gizartea eraiki.
Euskadi eta mundua gure begietatik ikusi, ikasi eta komunikatzeko sortua, euskarazko irrati eta telebista sortzea eta hedatzea du helburu eta eginbehar. ETAk bere lehergailuarekin euskarazko irrati eta telebista isilarazi nahi izan ditu.
Gure gizartearen zerbitzura den herri hedabidea da eta horrexegatik eginbeharren artean gune kultural eta komunikatibo propioa artikulatzen laguntzea eta bere buruaren jabe izango den iritzi publikoa eratzen laguntzea agertzen zaizkigu. Horretarako, lan egin behar du EITBk bera izan dadin euskal ikus-entzunezkoaren erreferentea bai hizkuntzaren eremuan, kulturarenean, iritzi publikorenean eta, orokorrean, espazio publikoan. Horren kontra jo du ETAk, askatasunari beldur dio eta bere ekintzekin herri honi eta hau osatzen dugun gizon emakumeei gorrotoa eta herra digula erakusten digu.
ETA iragana da, amaitu nahi ez duen iraganeko amets gaiztoa, frankismoaren azken hondakina. Herri eta gizarte hau ditu etsai eta bere borroka Euskadiren eta euskal herriaren kontrakoa da. Horrexegatik, beti da garaia ETAren deuseztapena exijitzeko, argi eta garbi Euskadiren, Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Herriaren exijentzia berresteko, ETAk behin betirako utz gaitzala bakean. Ozen esateko: ETA utikan!
Miren Azkarate Villar, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Kultura sailburua