Gabonak duela egun gutxi atzean utzi ditugun arren, dagoeneko inauteriak prestatzen dabil Erandioko Udala. 2009ko aratusteen irudia izango den kartela aukeratzeko, lehiaketa deitu dute kultur arduradunek. Hain zuzen ere, urtarrilaren 16ra arte egongo da zabalik lanak aurkezteko epea. Kartelak Astrabuduako Udal Bulegora (Mezo kalea, 20) edo udaletxeko Kultura, Gazteria eta Kirol Sailera (Irailaren 23a plaza) eraman beharko dira. Ordutegia, berriz, 9:00etatik 14:00etara bitartekoa izango da. Irabazleak 1.500 euroko saria jasoko du. Kultur iturriek zehaztu dutenez, nahi duen guztiak parte hartu ahal izango du lehiaketan. Hori bai, ezin izango da aurkeztu beste lehiaketaren batean saritua izan den lanik, ezta lehiaketa honen aurreko edizioren baten aurkeztutakorik ere. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez ere, bi kartel aurkeztu ahal izango ditu. Argazkian, Laxmi Nazabal iazko irabazlea, Mikel Arieta-Araunabeña alkatea eta Santiago Neira Kultur zinegotzia alboan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!