Batez ere Altzagan eta Astrabuduan ematen diren aparkatzeko arazoei irtenbidea eman nahian, autoa gordetzeko toki berriak egin eta salgai jartzea eskatu dio Erandioko Udalari PPk. Egiterako orduan erandioztarren baliabide ekonomikoak zeintzuk diren kontuan hartzea galdegin diote tokiko erakundeari popularrek. Udalak aginduta, Ikerfel enpresak egindako ikerketa jarri du mahai gainean Alderdi Popularrak. Javier Ruiz Erandioko PPren bozeramaileak ateratako ondorioen arabera, "aparkatzeko tokia erostearekin ados agertu dira udalerriko bizilagunak, baina euren poltsikoen araberako salneurrian". Hala ere, ez da lehenengo aldia tokiko talde politikoek aparkatzeko arazoak eztabaidagai dituztela. Azaro bukaeran 153 toki atontzeko asmoa iragarri zuen Udalak. Horiek guztiak Altzaga auzoko kiroldegiaren atzealdeko 3.600 metro koadroko orubean jarriko dituzte. Bertan aparkatzea doakoa izango da. Argazkian, Javier Ruiz Erandioko PPren bozeramailea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!