"Gerrikoak estutu" dituzte Leioako udal agintariek

Urtea 2009ko aurrekontua onartuz amaitu zuen Leioako Udalak. PSE-EEren sei zinegotziek abstenitzea aukeratu arren, nahikoa izan zen EAJren hamar hautetsien eta Ezker Batuaren bien batuketa urte berrirako kontuak aurrera ateratzeko: 36.743.014,74 euro guztira. PPren hiru ordezkariek kontrako botoa eman zuten. "Egun bizi dugun eta aurreikusita dagoen egoera ekonomikoaren ondorioz", %4,3ko jaitsiera izango dute aurtengo aurrekontuek, iazkoekin alderatuta. Horretaz gain, erabateko dedikazioa duten udal agintarien soldata izoztea erabaki du Udalak. Gauzak horrela, alkateak, hiru alkateordeek, gainontzeko zinegotziek eta udal taldeek 2008an bezain beste diru jasoko dute. Argazkian, Leioako udaletxea.

Aldi berean, Soinu Atadia Fundazioa (udal musika eskola eta kontserbatorioa), euskaltegia eta Leioa Kirolak erakunde autonomoen aurrekontuak ere onartu zituzten: 1.957.669 euro, 1.196.948.98 euro eta 38.500 euro, hurrenez hurren. Kontu orokorrak ez bezala, aipatu fundazioaren aurrekontuek %7,1eko igoera izan dute eta %3,2koa euskaltegikoek. "Udalekoaz gain, dituzten beste diru sarrera batzuek ahalbidetu dute hori", tokiko iturrien arabera. "Leioako Udala erakunde horien aurrekontuen erdiaren kargu egiten da. Gainontzekoa beste erakunde batzuen (Eusko Jaurlaritza...) ekarpenekin edota ikasleen kuotekin betetzen da", azaldu dutenez.

Atalka

Igoerarik nabarienak Herri Babesa (%18,6), Gizarte Ekintza (%11,8%), Hezkuntza eta Euskara, eta Prestakuntza eta Enplegua (%8,3) ataletan izango dira. Horrekin batera, Udalak aurrekontuaren %0,7 Garapenerako Lankidetzara bideratzearen aldeko konpromisoa mantenduko du. Inbertsioen artean, berriz, 6,5 milioiko bolumena aurreikusten du tokiko erakundeak, 2009ko martxoan ezagutzera emango diren aurreko urteetako geldikinen zain. Hain zuzen ere, "honek ongialdi ekonomikoaren urteetan emandako geldikinak erabiltzea ahalbidetuko du, garai latzei aurre egiten lagunduz", azaldu dutenez.

Besteak beste, diru partidak bideratuko dituzte irisgarritasun alorreko hobekuntzak egiteko (1.400.000 euro ); San Bartolome auzoa berriztatzeko (1.200.000 euro); kirol instalazioetarako (1.600.000 euro), Pinosoloko kiroldegirako ekarpen berriak eginez; bide publikoetarako (850.000 euro); edota Ondizko dorrea berriztatzeko (200.000 euro). Horretaz gain, badaude 2008an dirua jarri eta 2009an gauzatuko diren lanak: Pinuetako Plan Berezia (1.476.000 euro), gaztelekua (600.000 euro) edo, geldikinen arabera, haur eskolaren egitasmoa.

Diru irteeren artean, Udalak %12,2ko igoera jasan du onartutako azken lanpostu-zerrendak eraginda. Bestetik, udal sailen gastu arruntak %1,8ko igoera izango dute, aurreikusitako KPIaren oso azpitik.

Ondasunen besterentzeak

Krisi ekonomikoari erreparatuta, azken urteetan lortutako udal ondasunak besterenganatzeko aukera badagoela aipatu dute udal agintariek, modu horretan 1.815.000 euroko diru sarrera berezia lortuko litzatekeelako. Hala ere, martxora bitartean ez dute bide horretan pausurik emango. 2008ko kontuak itxita, orduan ezagutuko dute zein den Udalaren geldikinaren egoera. "Aurreko urte batzuetako kudeaketa eraginkorrari esker, aurreikusitako 36 miloi euroko aurrekontua loditzea posible izango da", euren ustez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun