Urtarrilaren 4a eta 6a bitartean zen heltzekoa Algortako Kirol Portura Unai Basurko. Hala ere, eguraldia ez du bidelagun izan Portugaleteko marinela eta Pakea Bizkaia belaontziaren patroiak. "Eguraldi txarra izan dugu azkeneko egunetan. Gaur lainotuta dago, nabigatzeko egun egokia. A Coruñaraino igoko gara, Cascaisetik 300 miliatara, eta ostiral arratsaldean helduko gara. Beti esan izan dudan bezala, Galizia nire bigarren etxea da, han lagun asko dauzkagu eta A Coruñan itxarongo dut Bilboraino eramango nauen eguraldi on bat eduki arte", esan du Basurkok. Portugal aldeko Cascaiseko portura larunbatean heldu zen nabigatzailea eta gaur itsasoratu da berriro. Bertan egon diren egunetan, "ontzia garbitzeko, janari eta arropa guztia ateratzeko eta berrikuste bat egiteko" aprobetxatu dutela esan du Basurkok, nahiz eta ontziaren "berrikuste sakona" etxean egingo duten. Argazkian, Unai Basurko Velux 5 Oceans txapelketan lortutako hirugarren postua ospatzen, 2007ko maiatzaren 5ean, Getxoko Kirol Portuan /
Iker Merodio.