Osteiko eremuko egitasmoa "konplexua" dela diote Urdulizko udal arduradunek, "lurren jabetza anitza delako". Etxebizitzen kopurua eta tamaina tokiko erakundeak berak zehaztuko dituen arren, aurretik hirigintza eta adostasun itunak onartu beharko dituzte. Gainera, eraikitzen hasi aurretik gunea urbanizatu beharko dute. Lehenengo lan horiek "urte bukaeran hasi eta bi urtez luzatuko dira", udal iturrien arabera. Beraz, 2012ra arte ez dira etxeak altxatzen hasiko.
Aurrekontuak
2009ko aurrekontuetatik, 150.000 euro epe baterako lanpostuak eratzeko erabiliko ditu Urdulizko Udalak. Hain zuzen ere, arazo ekonomikoak dituzten udalerriko familiei egongo dira zuzenduta horiek. Aurretik, horiek eskuratu ahal izateko arautegia egingo du tokiko erakundeak. Bitartean, 8 milioi eurotatik ia erdia, 3,5 milioi euro, inbertsioetan erabiliko dute: hilerri berrian (1.200.000 euro), haur eskolan (720.000 euro), gaztelekuan (500.000 euro) edota udal brigadako langileak hartuko dituen nabea egokitzeko (480.000 euro). Gainontzekoa, maila txikiagoko lanak egiteko erabiliko dute: espaloiak, argiteria edota ur-hodiak konpontzeko besteak beste. Haurrentzako jolas guneak jartzeko ere 30.000 euro jarri dituzte.
Bestalde, Kultur Etxeko egitaraua osatzeko 300.000 diru partida jarri dute. Baita kopuru bat Andra Mari elizako kanpandorrea konpontzeko. Azkenik, 2008an jarritako diru kopuru bera zuzendu dute udalerrian metroa lurperatzeko lanetara. "Partida ez dugu handiagotu, 2008an jarritako dirua ez dugulako gastatu. Lanak ez dira hasi oraindik", azaldu dute udal iturriek.