![](http://farm4.static.flickr.com/3476/3179262861_9fdece3759_m.jpg)
Algortako Portu Zaharrean jarritako baranda berriek gune horretako "harmonia apurtu eta ingurunearekin bat ez" datozela salatu du gaur Getxoko PPk. Marisa Arrue tokiko popularren bozeramailearen hitzetan, "bere edertasuna eta diseinu bereziagatik, udalerriko gune esanguratsuenen artean dago" Portu Zaharra. Getxoko historia eta arte-ondarea izateaz gain, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bere osotasunean monumentu multzoa izendatuta daukala gogoratu du PPren eledunak. "Hala ere, baten bati horrelako barandak jartzea otu zaio, turistek eta getxoztarrok horrenbeste gogoko dugun inguru horren xarma apurtuz", kritikatu du Arruek. Bere hitzetan, "asko" izan dira "zentzugabekeria" horretaz kexuka joan zaizkien auzokideak. Gauzak horrela, baranda horiek kendu eta Portu Zaharraren ezaugarriekin bat datozen berri batzuk jartzea eskatuko du Getxoko PPk, hurrengo Hirigintza batzordean. Argazkian, auzokideek helarazi dizkiete irudiak Getxoko PPkoei.